Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zuten atzo, ostirala, Orioko Kultur Etxeko aretoan. Ohi bezala, Euskararen Eguna aukeratu zuten sariak emateko.
Sariak Anuska Esnal alkateak eta Orioko Udaleko Euskara batzordeko kideek eman zituzten, eta ekitaldiaren hasieran, erdian nahiz amaieran, Musika Eskolako ikasleek abesti edo pieza bana eskaini zuten. Amaia Gutierrez irakaslearen laguntzarekin aritu ziren azkenekoan izan ezik, eta horrek lagunduta kantatu zituzten bertsoak ere atzo olerki eta bertso atalean saria jaso zutenek. Josu Galdos izan zen abesteaz gain kitarra ere jo zuen bakarra.
Ekitaldia Jabi Zabaleta Euskara teknikariak eta Eli Manterola KARKARAko kide eta epaimahaikideak aurkeztu zuten, eta Anuska Esnal alkateak ere egin zituen hitz batzuk hasieran. Esan zuen ez zuela modu hoberik ezagutzen Euskararen Eguna ospatzeko herritarren ipuin, olerki eta bertsoak entzun eta saritzea baino.
Sarituak
Ipuinak
1.- Eromena. Egilea: Libe Larrarte.
2.- Txikitako lagunak. Egilea: Iñaki Iturain.
3.- Leihotik. Egilea: Ane Etxabe Usandizaga.
Accesita: Basoaren alaba. Egilea: Josu Galdos.
Accesita: Azkena. Egilea: Garazi Urretabizkaia.
Olerkiak/Bertsoak
1.- Atxakiak. Egilea: Garazi Urretabizkaia.
2.- Klimaren kilimak. Egilea: Mikel Iruretagoiena.
3.- Ikus(i)ezinak. Egilea: Ainhoa Mujika.
Accesita: Bizitza honek ez du askorik balio. Egilea: Josu Galdos.
Accesita: Gainazalean. Egilea: Maxe Zinkunegi.
Saritutako lanak etxe guztietara
Saritutako lanak KARKARA aldizkariaren gehigarri batean argitaratuko dira Gabonak eta gero. Ondoren, udalaren orio.eus webgunean ere publikatuko dira.