Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Alexander Zubizarreta

Karkara 2021ko ira. 22a, 17:43

Alexander Zubizarreta, Giraniceren azken grabaketetan. Ezkerretik hasita aurrenekoa da.

KARKARAk sail berria abiatu du. Arlo desberdinetako herritarrei gustukoen dituzten bost kantu zerrendatzeko eskatu zaie, horiek aukeratu izanaren arrazoiak laburbilduz. Alexander Zubizarreta musikariak egin du udazkeneko aurreneko zerrenda.

1. By The Way —Red Hot Chilli Peppers—. "Gaztetxoa nintzela, osabaren etxean nengoen batean entzun nuen lehen aldiz abestiak izena ematen dion diskoa. Ez nuen musika arloko ezagutzarik orduan, baina kantak barrenak mugitu zizkidan. Hortik sortu zitzaidan taldea gehiago ezagutzeko interesa. Abiapuntu garrantzitsua izan da Red Hot niretzat, eta influentzia handia ere bai".

2. Look on —John Frusciante—. "Red Hot ezagutu eta gero, taldeko gitarra jolearen, John Fruscianteren kantak eta diskoak entzun nituen. Oso berezia iruditu zitzaidan berehala, eta oraindik ere hala iruditzen zait. Azken aldian atera dituen kantak oso eroak dira, ez zaizkit gehiegi gustatzen, baina miresmen ikaragarria diot, bere diskoak ikaragarriak baitira".

3. Will to survive —RKL—. "Surf, skate eta hardcore giroko talde ikonikoa da. Derrigor behar dute zerrenda honetan. Haien musika entzunda, surf egiteko gogo ikaragarria pizten zait".

4. Potenkim City Limits —Propagandhi—. "Hardcorearekin jarraituz, nigan influentzia handia izan duen taldea. Zuzenean ikusi nituen duela hiru urte, ikaragarria izan zen kontzertua. Gitarraren riff azkarrak oso onak dira, melodikoak. Astun eta motelagoak ere apartak dituzte".

5. Be Smart Be Quick — Dean Dirg—    "Citizen Kane taldea izan genuenean, musikari hauek guretzat eredu izan ziren. Hauen rollora hurreratzen saiatu ginen, oso argi genuelako nolako musika egin nahi genuen. Giranicen irekiagoak gara zentzu horretan".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide