1. Zuentzako —Folkcore—: "Gazte garaian marka handia laga zidaten. Euskal Herriak eman duen talderik onenetakoa dela pentsatzen jarraitzen dut, azken urteetan haien musika gutxiago entzun dudan arren. Gogor saiatuta ere, talde oso gutxik lortzen dute izaera propioa izatea, eta Folkcorek bazuen. Ikaragarriak ziren K2n ematen zituzten kontzertuak, zalaparta ez zen tabernan kabitu ere egiten! Zuentzako kantuaren hasierako riff-ak besoetako ileak tentetzen dizkit oraindik ere".
2. Rain —Andrew Kidman—: "Kidman erreferentea da surfaren B aldean mugitzen diren askorentzat; alegia, munduko txapelketa, olatu artifizial eta halakoetatik aparte, surfean bake-bakean jarraitu nahi dutenentzat. Surflari, taulagile, musikari, argazkilari eta zinemagile fina da australiarra. 1996an Litmus filma egin zuen, eta jende askorengan influentzia handia izan du pelikulak gerora. Askotan gertatu izan den modura, argitaratu zutenean ez zuen ia sonarik izan. Ez dago filmeko Rain baino kantu hobeagorik neguan, giro hotzarekin eta euripean, autoan sartu eta surf egitera abiatzeko".
3. Mundurat eman ninduzun —Benito Lertxundi—: "Errioari begira jarrita Benitoren kantuak entzun izan ditut, soinean musika aparaturik izan gabe, eta alderantziz ere gertatu izan zait; etxean egonda, bere abestiek gure itsasadarrera edo hondartza aldera eraman izan naute. Benitoren musikaz hitz egiten hasita, ezti-mengelegi jartzeko arriskua dut —dagoeneko antzeman daitekeen modura—, eta gomendioa bukatutzat emango dut, berandu izan aurretik".
4. Puede que me mueva —Quique González—: "Oso gutxitan egon izan naiz gustuko taldeen disko berrien zain. Quique Gonzalezekin, ordea, kontrakoa gertatzen zait, eta haren musika ezagutu nuenetik gehien entzun dudan artista izan da. Disko berria aterako du urrian, eta entzuteko amorratzen nago. Ekainean atera zuen aurrerapen kantua da hau. Bere diskografiak ez du erren egiten, eta disko guztiak dira onak".
5. Hate it when you leave —Keith Richards—: "Bob Dylan, Tom Waits edo Social Distortion-en kantu bat sartzekotan egon naiz azken proposamen modura, baina Richardsekin itxiko dut zerrenda, azkenaldian asko entzun dudalako ziurrenik. Urteekin gero eta hobeto ulertu dut gitarra-joleak rockari eta instrumentuari egindako ekarpen ikaragarria. Bestalde, abestien konposatzaile aparta dela iruditzen zait, eta abeslari bikaina ere bai. Bere diskografiako Main Offender diskoak ez du bazterrean uztekorik, eta bilduma horretatik gehien gustatzen zaidan kantua da hau. Aspaldikoa izan arren, 2020an berriro eman zuen argitara, bideoklip ederrarekin batera".