Donostiako olatu artifizialaren kontrako mobilizazioan parte hartu dute lau oriotarrek

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 18a, 09:00

Antondegi Berdeak-Olatuak Itsasoan kolektiboak deituta, ostegunean agerraldia egin zuten Zurriola hondartzan, olatu artifizialaren aurkako protesta egiteko eta informazioa zabaltzeko. 

Ostegunean, Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan kolektiboak informazio eta protesta jardunaldi bat egin zuen Donostiako Zurriola hondartzan, Martutene auzoko Antondegi eremuan egin nahi duten olatu artifizialen proiektuaren aurka daudela adierazteko. Kale agerraldian parte hartu zuten, besteak beste, Orioko lau surflarik. 

Sagues inguruan informazio-karpa bat jarri zuten, arratsalde osoan eduki zutena irekita, eta gaiari buruz gehiago jakin nahian hurbildu zitzaizkien herritar interesatuei mota guztietako informazioa eta azalpenak eman zizkieten: proiektuaren nondik norakoak, zein egoeratan dagoen oraintxe eta abar. Horrez gain, eskuorriak ere banatu zizkieten pasealekuan zebiltzan oinezkoei, eta egurrezko kartelak ere jarri zituzten hondartzako zenbait puntutan.

Kolektibokoak nabarmendu duenez, ekintzarik ikusgarriena seiak aldera izan zen. Izan ere, haien arteko hogeita hamar bat surflarik 15 metro luzeko pankarta bat zabaldu zuten uretan, urrutitik lelo hau ondo irakurtzeko moduan: “Antondegi Berdea – Olatuak Itsasoan – No a las artificiales en San Sebastián”. 

Jabi Iraizoz bozeramaileak adierazpen hauek egin zituen agerraldian: “Zentzugabekeria hutsa da Antondegiko olatu artifizialen proiektua. Gipuzkoako elkarte ekologista eta kontserbazionista guztiak kontra daude, eta surflari askok eta askok ez dugu nahi. Min egiten digu surflarion izenean naturaren kontrako halako zerbait egin nahi izatea. Argudioekin, tonu onean eta irribarre batekin jarraituko dugu proiektua salatzen, ziur baikaude arrazoi dugula”.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide