02:00etara arte luzatu du Jaurlaritzak ostalaritza ixteko eta kultur jarduerak amaitzeko ordutegia

Andoni Elduaien 2021ko eka. 18a, 19:03

Kirol ekitaldietan ikusleak sartzeko aukera egongo da, baita txokoak eta elkarte gastronomikoak zabaltzekoa ere. Lehendakariak adierazi du 15-20 egunen buruan aztertuko dutela egoera epidemiologikoa zein den, eta horren arabera neurriak arintzea edota osasun larrialdia bertan behera uztea aztertuko dutela.

Labi batzordeak COVID-19ari aurre egiteko batzarra egin du gaur, ostirala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 150etik jaitsi ondoren –125,47koa da egun–. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bileran adostutako hainbat neurriren berri eman berri du. Jaurlaritzak gaur iragarritako neurriak bihar, larunbata, sartuko dira indarrean.

Bihartik aurrera ostalaritza ixteko eta kultur jarduerak amaitzeko ordutegia 02:00ak arte luzatuko du Jaurlaritzak. Ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei lagun elkartzea ahalbidetu dute, bai kanpoan eta bai barruan; barrualdeko edukiera, baina, %50ean mantendu du. Halaber, elkarte gastronomikoak eta txokoak irekitzeko baimena ere eman du. %50eko edukiera izango da gehienez gune horietan, eta 09:00etatik 02:00etara arteko ordutegia izango dute. Alabaina, gaueko aisialdiak itxita jarraituko du.

Kultur jardueretako edukiera muga %60koa izango da aurrerantzean. Barnealdeko ekitaldietan 600 pertsona egon ahalko dira, eta 800 kanpoko ekitaldietan. Horrez gain, 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, 800 eta 1.200 pertsona elkartu ahal izango dira. Kirol ekitaldietan ere jendea egotea baimendu du Jaurlaritzak, beti ere edukieraren %60a gainditu gabe.

Aire librean egiten diren kultur, turismo edo natura bisitetan hogei pertsonako taldeak osatzeko aukera egongo da. Barrualdeko guneetan egiten diren kirol jardueraetan, berriz, hamar pertsonako taldeak onartuko dituzte. Aldageletako edukiera %50era arte handitzea ere erabaki du Labik, eta eskola kirolaren lehiaketak udako txapelketetarako baimendu ditu.

Neurri berriak onartu eta joera ona baldin bada, Urkulluk jakinarazi du 15-20 egunen buruan Labik neurri berriak iragarriko dituela edota osasun larrialdi egoera bertan behera uztea aztertuko duela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide