Azken orduetan 363 positibo zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 30a, 13:36

Bezperan baino PCR eta antigeno proba gutxiagorekin, bere horretan (%5,1) mantentzen da positibotasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gora egin du (%4,7) Nafarroan. COVID-19arekin lotutako ospitaleratze berrien kopurua jaitsi egin da Osakidetzaren sarean ostiraletik larunbatera, baita ZIUetan dauden gaixoen kopurua ere.

Azken egunen ildotik, COVID-19aren eraginaren arintzeak motel jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Bezperan baino positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo Osakidetzak zein Osasunbideak, baina birusa atzemateko egindako PCR eta antigeno probak ere gutxiago izan ziren atzo: 7.219 atzo, eta 9.775 ostiralean.

Denera 363 positibo azaleratu ziren atzo Hego Euskal Herrian: 47 Araban, 165 Bizkaian, 93 Gipuzkoan, 57 Nafarroan, eta lau lurraldeetatik kanpo bizi direnen artean beste bat. Positibotasun tasari dagokionez, bere horretan mantentzen da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%5,1), eta gora egin du Nafarroan (%4,7an dago orain, eta %3,8an zegoen atzo).

COVID-19arekin lotutako ospitaleratze berrien kopurua jaitsi egin da Osakidetzaren sarean ostiraletik larunbatera, baita ZIUetan dauden gaixoen kopurua ere. Atzo 27 pertsona ospitaleratu zituzten (herenegun 33 izan ziren), eta 99 gaixo zeuden ZIUetan (101 herenegun).

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak bihar emango ditu herriz herriko asteburuko positiboen datuak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide