Azken orduetan 350 kasu berri atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Anartz Izagirre 2021ko mai. 16a, 12:26

7.853 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta horietatik 350 izan ziren positiboak. Positibotasun tasa %4,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, aldiz, %5,4koa.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu dituzte atzo, larunbata, lau lurraldeetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta ostiralean baino 132 kasu gutxiago zenbatu zituzten. Dena den, egindako proben kopurua ere nabarmen txikiagoa izan zen atzo; 6.299 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1.284 Nafarroan, ostiralean baino 4.899 gutxiago.

Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte beste behin positiborik gehien: 176, hain justu. Ondoren, Gipuzkoan (80), Nafarroan (69), eta azkenik, Araban (23).

Positibotasun tasari dagokionez, Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako %5etik beherakoa da oraindik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %4,5 hain zuzen. Nafarroan, ostera, %5,4ra igo da tasa.

Gaixo gutxiago ospitaleetan

Bestalde, ospitaleen egoeraren berri ere eman du Osakidetzak. Atzo 28 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19 gaitzagatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 145 pertsona daude gaur-gaurkoz hiru lurralde horietako ZIUetan. Osasunbideak, berriz, ez du Nafarroako ospitaleratzeen berririk eman.

Bihar, astelehena, herriz herriko datuak emango ditu Eusko Jaurlaritzak, eta orduan jakingo da ostiraletik igandera bitartean Urola Kostan izandako positibo kopurua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide