Orion eta Aian ez da positiborik izan azken orduetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 11a, 13:46

489,24 da tasa Orion gaur gaurkoz, eta 957,18 Aian. Intzidentzia tasek behera egin dute eskualdeko ia herri guztietan.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri dituen datuen arabera, Orion eta Aian ez da koronabirus kasurik izan azken orduetan. Intzidentzia tasei dagokionez, 489,24 eta 957,18 dira bi herrietan, hurrenez hurren.

Urola Kostari dagokionez, hamalau koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten eskualdeko herrietan atzo. Herenegun atzemandakoak baino lau gehiago dira, baina argi dago aurreko asteetako joera asko apaldu dela orokorrean. Oraindik ere intzidentzia tasa altua badauka ere, batez ere Zarauzko zifrak baretu dira. Atzokoan hiru kasu atzeman zituzten kostaldeko herrian, eta intzidentzia tasa 749,56tik 663,90ra jaitsi da. Beste hiru kasu atzeman dituzte Azkoitian ere, eta herri horretan 50 puntu jaitsi da tasa, 851,21etik 801,13ra.

Gainontzeko kasuak Aizarnazabalen, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Zestoan eta Zumaian atzeman dituzte. Azpeitian eta Zumaian bina eta Aizarnazabalen, Errezilen, Getarian eta Zestoan bana. Lehen bi herrietan jaitsi egin da intzidentzia tasa eta, hurrenez hurren, 361,37an eta 753,03an dago orain. Aizarnazabalen, Getarian eta Zestoan, berriz, 1040,31; 282,69; eta 487,93koak dira tasak (mantendu egin da Aizarnazabalen eta Zestoan eta behera egin du Getarian). Errezil izan zen atzekoan eskualdeko salbuespen bakarra: kasu positibo bat zenbatu zuten herrian, eta ondorioz, 1288,24tik 1449,28ra igo da intzidentzia tasa herri horretan.

Positibotasun tasa %4,3an

Atzo, denera, 12.373 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 536k eman zuten positibo; alegia, %4,3koa da Hego Euskal Herriko positibotasun tasa. Atzemandako 536 positiboetatik 265 Bizkaian zenbatu zituzten, 165 Gipuzkoan, 75 Nafarroan eta 32 Araban. Lurralde horietatik kanpo, berriz, positibo bat atzeman zuten.

Kasu berrien datuak egunez egun baxuagoak badira ere, ez da abiadudura berean apaltzen ari ospitaleetako okupazioa. Atzokoan, 359 lagun zeuden ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan (herenegun baino 15 gutxiago), 70 ospitaleratze berri izan ziren (herenegungoen bikoitza baino gehiago) eta 158 pertsona daude ZIUetan (herenegun baino 11 gutxiago).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide