Orion eta Aian kasu bana izan da azken orduetan

Anartz Izagirre 2021ko mai. 5a, 13:32

Bi herrietako positibo kopuruak apaltzera egin duela dirudi, azken egunetako datuei erreparatuz gero. 619,70 da tasa Orion gaur gaurkoz, eta 1.108,31 Aian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Urola Kostako herrietan 35 kasu zenbatu zituzten atzo, herenegun baino lau kasu gehiago. Orio eta Aiari dagokionez, kasu bana izan da azken orduetan, eta gaur gaurkoz 619,70 eta 1.108,31ko tasa dute bi herriek, hurrenez hurren. Aste honetako bi udalerrietako datuak hobeak ari dira izaten, aurreko astekoekin konparatuz gero.

Beste egun batez, Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, bederatzi, hain zuzen; hala eta guztiz ere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa mantendu egin da eskualdeko herririk handienean, eta gaur-gaurkoz 933,74ekoa da tasa hori. Bestalde, Azkoitian zortzi positibo berri hauteman dituzte, eta duela astebete baino egoera hobea duten arren —1.126,60koa zen intzidentzia tasa joan zen asteazkenean—, intzidentzia tasak oso altua izaten jarraitzen du, 951,35ekoa, hain zuzen.

Gainontzeko herriei erreparatuta, Azpeitian sei kasu berri hauteman ditu Osasun Sailak, eta intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, 479,63koa da hango tasa, eta gero eta gertuago du eremu laranja. Bestalde, Zestoan eta Zumaian launa kasu hauteman dituzte. Zestoaren kasuan, 513,61etik 539,29ra igo da intzidentzia tasa; Zumaian, aldiz, milako langatik behera jaitsi da tasa, eta 987,08koa da orain. Horrez gain, Errezilen bi kasu berri hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak nabarmen egin du gora; hain zuzen ere, 805,15etik 1127,21era igo da tasa, eta uneotan eskualdeko tasarik altuenetarikoa duen herria bilakatu da, Aizarnazabalen atzetik.

Beizaman, Getarian eta Aizarnazabalen ez dute kasu berririk zenbatu, baina azken bi herri horietako tasek altua izaten jarraitzen dute. Izan ere, Aizarnazabalgo tasa 1.430,43koa da, eskualdeko altuena; Getarian, aldiz, 600,71koa da tasa. Eskualdeko herri gehienek eremu gorrian jarraitzen dute.

Ospitaleratzeek, hobera

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, guztira, 14.044 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta positibo gehien Bizkaian atzeman zituzten (366); ondoren, Gipuzkoan (236), Nafarroan (108) eta Araban (61). Positibotasun tasari dagokionez, zertxobait igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%6,1); Nafarroan, aldiz, nabarmen jaitsi da (%3,5).

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, egoerak hobera egiten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo 75 ospitaleratze berri izan ziren, eta ZIUetan 185 gaixo daude, atzo baino hiru gutxiago. Bestalde, Nafarroako ospitaleetan, guztira, 183 pertsona daude COVID-19 gaitzagatik, eta horietatik 32 dira ZIUetan daudenak.1.108,31

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide