Aldaketaren aldeko aldarriek hartuko dituzte kaleak bihar

Aitziber Arzallus 2021ko api. 30a, 12:30

Orion ez dute manifestaziorik egingo, baina Zarauzko mobilizazioan parte hartzera deitu ditu aiarrak eta oriotarrak LAB sindikatuak.

Maiatzaren Lehena da bihar, ospakizun eta aldarrikapen eguna langile mugimenduarentzat. Aurtengoa ere pandemiak baldintzatuko du, baina, gutxienez, eta iaz ez bezala, bihar kalera ateratzeko aukera izango dute; eta halaxe egingo dute. Sindikatu zein eragile, bakoitzak bere aldetik antolatu ditu mobilizazioak. Dena dela, denek nabarmendu dute aldaketaren beharra.

LAB sindikatuak “mugarritzat” jarri du aurtengo Maiatzaren Lehena. Argi du lanpostuen defentsan “bide berezitu bat” hasi beharra dutela: “Etor daitezkeen kapitalaren interesei lotutako lan murrizketei itxaron gabe, aurreratu beharra dugu”. Izan ere, sindikatuko kideen aburuz, “ikaragarria” da jada eman den lan galera, “batez ere, gazteen eta emakumeen artean zein horiek lan egiten duten sektore prekarioetan”. Horiek horrela, eta Maiatzaren Lehenerako hautatu duen leloak dioen moduan, aukera bakarra “aldaketa” dela uste du sindikatuak. “Orain arteko bidearen norabidea aldatzera goaz; zaintza, lana, bizitza eta herria erdigunean jarriz. Eta Maiatzaren Lehena izango da aldaketarako mugarria”.

Hasiera batean eskualdeko manifestazio nagusia Azpeitian egingo zutela iragarri zuen sindikatuak. Baina “eskualdeko egoera epidemiologikoa ikusita”, planteamendua aldatzea erabaki du azkenean, eta mobilizazioak herriz herri egitea. Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egingo dituzte LABek deitutako mobilizazioak, bihar goiz eta eguerdi partean. Orion eta Aian ez dute manifestaziorik egingo, baina Zarauzko mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

ELA sindikatuak, berriz, Aldaketa garaia da lelopean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu manifestazioak. Lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma eskatuko ditu, besteak beste. Ikusteko dago, ordea, hiriburuetako manifestazioetara zenbat jendek izango duen joateko aukera, Eusko Jaurlaritzak herrien itxiera perimetralari eusteko erabakia hartu baitu. Epaileen esku dago auzia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide