Aian koronabirus kasu berri bat baieztatu zuten atzo

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 24a, 14:05

Orion ez zuten kasu berririk detektatu atzokoan, baina eremu horia izatzen jarraitzen du. Hego Euskal Herrian, beste egun batez, 500 kasutik gora atzeman zituzten atzo.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu berri du koronabirusaren bilakaera jasotzen duen txostena eta, horren arabera, atzokoan kasu positibo bat baieztatu zuten Aian, eta bat bera ere ez Orion. Aian 151,13ra igo da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa; Orion, aldiz, beherantz doa tasa, eta 114,16koa da gaur-gaurkoz. Eremu horia da oraindik, hala ere.

Urola Kostan, guztira, hamabi lagunek eman zuten positibo COVID-19a atzemateko proban atzo. Berriro ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: bost. Herenegun ez zuten positibo bat bera ere zenbatu herri horretan, beraz, jaitsi egin da apur bat kostako herriko intzidentzia tasa: 269,84 zen atzo, eta 265,56 da orain. Zoritxarrez, gaurko datuei erreparatuta, badirudi salbuespena izan zela atzokoa, eta Zarautzen joerak goranzkoa izaten jarraitzen duela.

Gainontzeko kasuak ondorengo herrietan baieztatu zituzten: Zestoan hiru, Zumaian bi eta Azpeitian bat. Zestoan atzo ere hiru kasu atzeman zituzten, eta igo egin da herri horretan intzidentzia tasa: 231,12koa zen atzo eta 256,81ekoa da gaur. Zumaian ere igo egin da tasa apur bat, 183,17tik 193,34ra; Azpeitian, berriz, jaitsi egin da zifra hori, 170,83ti 151,12era. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten koronabirus kasu berririk atzeman atzokoan. Orokorrean, gorabeheratsu dabiltza egunotan Urola Kostako herrietako intzidentzia tasak. Herri guztiek eremu horian jarraitzen dute, eta kontroletik kanpoko igoerarik sumatzen ez den arren, badirudi beheranzko joeratik urrun dagoela eskualdea, orokorrean.

500eko langa gaindituta berriro

Hego Euskal Herriko datu orokorragoei erreparatuta, Osasun Sailaren eta Osasunbidearen arabera 14.058 proba diagnostiko egin dituzte guztira Hegoaldean, eta horietatik 627k eman dute positibo. Positibo gehien Bizkaian zenbatu zituzten: 256. Gipuzkoan 150 zenbatu zituzten, Nafarroan 117, 99 Araban, eta bost lurralde horietatik kanpo. Datu horien arabera, positibotasun tasa %4,3koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,2koa Nafarroan.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, ez dute hobera egin zenbakiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 47 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren erietxeetan, ia herenegun bezainbeste, eta ZIUn dagoen herritar kopurua bera da atzotik: 81. Ospitaleratuta daudenen zifrak, berriz, gora egin du apur bat: 243 daude gaur, atzo baino hiru gehiago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide