Iritzia: Emakumeek zientzian egiten duten lana aldarri

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Eizmendi Iribar 2021ko ots. 11a, 09:16

Gaur, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da, eta Garazi Eizmendi aiarrak iritzi artikulua idatzi du, emakumeek zientziaren egin duten lana aldarrikatuz.

Gaur, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015ean izendatu zuen, eta egun honen helburua da emakume eta neska guztiek zientzian duten parte hartzea bidezkoa eta erabatekoa izatea aldarrikatzea. Izan ere, zoritxarrez, neskok oraindik baditugu zientzia munduan aritzeko hainbat muga; gainera, emakumeek eta gizonezkoek egiten duten lana bera bada ere, emakumeek errekonozimendu txikiagoa jasotzen dute eta jasan izan dute historia osoan zehar. Emakume zientzialari garrantzitsu asko egon dira, baina ez zaie behar besteko aitorpena egin, eta horrek erreferente falta dakar.

Begi-bistakoa da zientziarekiko zaletasunean txikitatik agertzen direla genero desberdintasunak. Zerk eragozten digu, bada, neskoi zientzia arloan murgiltzea? Batetik, estereotipoen kontua dago. Zientzialari hitza aipatzearekin batera, ile txuri eta nahasia duen gizonezko bat etortzen zaigu burura, baina inoiz ez emakumezko bat. Nahigabe bada ere, neskok txikitatik jasotzen ditugu estereotipoen mehatxuak. Derrigorrezko ikasketen ondoren egin nahi dugun gradua aukeratzerakoan, esaterako, zenbaitetan presio izugarria sortzen da; inkontzienteki egiten badugu ere, nahiago dugu gure alaba erizaina, idazkaria, administrari laguntzailea, edo irakaslea izatea, ingeniaria, fisikaria, edo informatikaria baino: “Nola izango zara ba ingeniaria, hori gizonezkoen kontua da!”. Bada, ingurukoen presio horrek sekulako eragina du neskongan, benetan ingeniaritza gustatuko balitzaiguke ere, agian erizaintza aukeratuko genuke, ingurukoei jaramon egiteko eta “estereotipoak ez hausteko”. Ez al dizue horrek tristura sortzen? Egia da hori ez dela gizabanako guztion iritzia baina pentsatzen duzuen baino kasu gehiagotan gertatzen da. Badakit estereotipoak ere aldatzen doazela pixkanaka, eta gizarteam ere estereotipo horien urraketak ontzat hartzen dituela –normala den bezala–, baina oraindik zer egiteko asko dago.

Horrez gain, zientzian murgiltzeko beste eragozpen bat lehen aipatutako erreferente falta da.  Eskolan edo hedabideetan entzun izan ditugun zientzialari ezagunenak ia guztiak gizonezkoak dira; ezaguna egiten zaizuen emakume bakarra Marie Curie izango da ziurrenik. Erreferente gabezia horrek motibazio eta interes falta ere sortzen du neskongan eta pentsa genezake, “ez badago emakume erreferenterik ia historia guztian zehar, zertarako murgilduko naiz ni zientzian? Ez naiz oso urrun iritsiko…”

Hari horri jarraituz, komunitate zientifikoan, nabaria da emakumeak ez daudela berdintasunean. Esaterako, Nobel Sarien irabazleen datuei erreparatzen badiogu, 1901etik 2018ra 581 gizonek lortu dute Nobel Saria, eta 18 emakumek. Diziplina arloka adieraziz gero, Fisikako Nobela 205 gizonek lortu dute eta 2 emakumek, Medikuntzako Nobela 202 gizonek eta 12 emakumek, eta Kimikako Nobela 174 gizonek eta 4 emakumek. Ez al dira desberdintasun nabarmenak? Nobel Saria merezi izan duten hainbat emakume zientzialari hori jaso gabe geratu dira, zergatik? Izan ere, esaten dutenaren arabera, emakumeok ez gara Nobel Saria irabazteko hautagai izateko mailara iritsi. Halaber, ziur nago emakume zientzialari horiek gizonezkoak izango balira saria jasoko zutela. Adibidez, zergatik ez zitzaion Nobel Saria eman Lise Meitnerri (fusio nuklearra aurkitu zuen), edo Chien-Shung Wuri (paritatearen kontserbazio legea ezeztatu zuen), edo Dottie Thomasi (hezur-medula transplantatzeko teknika garatu zuen). Horren arrazoi nagusia diskriminazioa da. 
Egoera hau aldatu beharra dago, eta egin dezagun emakume eta gizon guztien aurrean. Ezinbestekoa da hedabideetan emakume zientzialariei protagonismoa ematea eta historian zehar hain zientzialari garrantzitsuak izan diren emakume horiek azaleratzea. Hauts ditzagun estereotipoak eta gu ere murgildu gaitezen zientzian, denon artean lortuko dugu! #otsailak11

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide