Osakidetzak eguneratu du osasun krisiaren gaineko datuen informazioa, eta horren arabera, Orion positibo bakarra detektatu dute azken orduetan. Intzidentzia tasak ez du egoera handiegirik izan azken hiru egunetan, eta 1.239,40koa da zifra. Aiari dagokionez, hiru positibo zenbatu dituzte, eta atzo adierazi zuten modura, herria itxi egin dute gaur. Horregatik, herriko sartu-irtenak mugatuak dira, ostalaritzak ateak itxi ditu, eta ezingo da taldean kirolik egin, ez eta eskola kiroleko jarduerarik ere.
Eskualdean, orotara, hemezortzi kasu zenbatu zituen atzoko probetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Kasuen herena Zarautzen hauteman zuten. Sei kasurekin eremu laranjan dauden han, 325,52ko intzidentzia tasarekin. Azpeitian, berriz, beste bost kasu zenbatu zituzten atzo, eta eremu gorrian jarraitzen dute; 1.327,20koa da intzidentzia tasa Azpeitian.
Azkoitian, Zestoan eta Zumaian, bestalde, kasu positibo bana zenbatu dute. Azkoitian eremu laranjaren eta gorriaren arteko mugan jarraitzen, baina azken egunotan behera egin du intzidentzia tasak, 415,26ra iritsiz. Zumaian arnasa pixka bat hartu dute, intzidentzia tasak apur bat behera egin ondoren; ostalaritza guneek gaur ireki ahal izan dituzte ateak, eta taldekako zein eskola kirola ere martxan jarri ahal izango dituzte. Hala eta guztiz ere, 457,92ko tasarekin eremu laranjaren eta gorriaren arteko mugan jarraitzen dute han ere. Zestoan ere intzidentzia tasa altuarekin jarraitzen dute. 1.052,90ekoa da tasa. Eskualdeko gainerako herrietan, aldiz, ez dute positiborik detektatu.
Aurreko astean baino gutxiago
Hego Euskal Herrian berriz 1.099 kasu berri zenbatu zituzten atzo, igandea. Joan den asteko astelehenean baino ia 250 kasu positibo gutxiago zenbatu zituzten atzoko probetan. 13.184 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo, eta 908 kasu berri atzeman; positibotasun tasak, beraz, behera egin du, atzo %8,2koa baitzen eta gaur %6,9koa. Lurraldeka aztertuta, beste behin Bizkaian baieztatu zituzten kasu gehien: 527 kasu positibo; Gipuzkoan, 259 kasu positibo; eta Araban, 112 kasu positibo. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamar laguni ere positiboa atzeman zioten. Nafarroan, ostera, 3.098 PCR eta antigento test egin zituzten atzo, eta 191 kasu berri zenbatu zituzten. Hori horrela, positibotasun tasak gora egin du Nafarroan, atzo %5,4koa izatetik %6,2 izatera pasatu baita.
Erietxeen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak. Atzo, beste 80 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz 586 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta. Atzo baino 46 lagun gutxiago dira, eta beraz, jaitsiera nabarmena izan da bi egunetan. Zainketa berezia behar duten pertsonak, aldiz, 154 dira; behera egin du zenbateko horrek ere.
Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea zenbatekoa den ere zehaztu du Osasun Sailak. Hiru lurraldeen batez bestekoa 1,00koa da; Gipuzkoakoa, berriz, 1,02koa. Bi indizeek egin dute behera, azken asteetako zenbatekorik baxuenera iritsiz.