Hamabost positibo detektatu dituzte Orion azken orduetan, eta intzidentzia tasa nabarmen igo da

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 27a, 13:31

Herrian intzidentzia tasa 929,55ra igo da, egun bateko positibo kopurua inoiz baino altuagoa izan eta gero. Aian, aldiz, positibo bakarra detektatu dute.

Eusko Jaurlaritzak gaurkotu du egoera epidemiologikoaren gaineko informazioa, eta ezusteko handiena Orion izan da: hamabost positibo zenbatu zituzten atzo herrian, eskualdeko 34 kasuetatik ia erdia. Positiboen hazkunde horren ondorioz, Orioko intzidentzia tasa milako langara hurreratu da: 929,55koa da gaur gaurkoz. Aian, berriz, kasu bakarra detektatu dute azken orduetan.

Zestoan ere kezkarekin bizi dute egoera. Atzo beste sei positibo detektatu zituzten herrian, eta kasu metatuen tasak milako langa gaindituta jarraitzen du: 1.155,62 tasara igo zen atzo. 28 kasu izan dituzte Zestoan azken zazpi egunetan.

Kezka herri batzuetan, une bateko lasaitua beste batean. Azken egunetako positiboen olatuaren ondoren, atzo bi kasu besterik ez zituzten detektatu Azpeitian. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak milatik gora jarraitzen du –1084,10– hala ere. Kilometro gutxira, Azkoitian, hiru kasu izan zituzten atzo. Eremu laranjan jarraitzen du herri honek, 375,53ko tasarekin. 

Zumaian beherantz jarraitzen du intzidentzia tasak. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,21era jaitsi da. Milako langatik hurbil izan zen Zumaia orain astebete inguru, eta ordutik beherantz doa tasa. Zarautzen hiru kasu izan zituzten atzo. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten positiborik zenbatu atzo.

Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere ez doaz gauzak ondo. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste 1.104 positibo detektatu zituen egindako 15.837 probatan. Positibotasun tasa zertxobait jaitsi da; %7koa zen atzo.

Lurraldeei dagokionez, Araban 179 kasu izan zituzten, 609 Bizkaian eta 297 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko 19 lagunek ere positibo eman zuten. 89 lagun ospitaleratu zituzten atzo, baina hori baino kezkagarriagoa da ZIUen egoera: 134 lagun zeuden atzo Osakidetzako erietxeetako zaintza intentsiboko unitateetan, bezperan baino bederatzi gehiago.

Nafarroan 3.514 proba egin zituzten atzo, eta hauetatik 179k eman zuten positibo. Positibotasun tasa %5,1era jaitsi da lurralde honetan. Nafarroako gobernuak ez du ospitaleratuen daturik eman.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide