Marra gorrira gerturatzen ari da Aia positibo kopuruei dagokionez

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 4a, 14:50

Herriz herri azken egunetako datuen berri eman du gaur Osasun Sailak, eta Aian positiboen intzidentzia metatua 403,02an dago, 500eko langatik gertu. Azken hiru egunetan positibo bana agertu da herri horretan. Orion hobea da egoera, 114,16ko intzidentzia metatuarekin. Azken lau egunetan positibo bakarra zenbatu dute bertan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur argitaratu ditu azken egunetako PCR eta antigeno proben emaitzak herriz herri, aurreneko aldiz abenduaren 30az geroztik. Hala, jakin da azken egunetan positibo kopuruak gora egin duela Aian, eta behera, berriz, Orion. 

Aian, izan ere, positiborik gabe egon ondoren hainbat egunetan, kasu bana atzeman da azken hiru egunetan, eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 500era gerturatu da, marra gorrira, alegia; 403,02 da gaur-gaurkoz. Orion, berriz, kopuru horretatik oso urrun daude, 114,16an. Izan ere, azken lau egunetan positibo bakarra zenbatu da, bera azken orduetan. Hilaren 30etik hona lau positibo egon dira Orion (3 positibo hilaren 30ean bertan), eta hiru positibo, berriz, Aian.

Urola Kostari dagokionez, azken orduetan hemezortzi kasu positibo zenbatu dituzte, duela bost egun baino hamahiru gutxiago. Beraz, oro har, behera egin du herrietako positibo kopuruak. 

Azpeitian, azken egunetako datuekin, 500dik jaitsi da intzidentzia tasa –407,36 da orain–, eta eremu gorrian egoteari uzteaz gain, ostalaritza establezimenduak zabaldu ahal izango dituzte herri horretan. Zortzi kasu zenbatu zituzten abenduaren 30ean; hiru positibo zenbatu dituzte azken orduetan. Aizarnazabalen, berriz, zertxobait jaitsi dira kasuak, baina altua izaten jarraitzen du intzidentzia tasak, 4.681,40, hain zuzen ere. Udalaren erabakiz, itxita jarraituko dute eraikin publikoek, zerbitzuek eta ostalaritza establezimenduek.

Azkoitian eta Zarautzen ere beherakada apala izan da. Hiruna kasu zenbatu zituzten abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean Azkoitian, eta bana zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Azken datu horien eraginez behera egin du intzidentzia tasak; 233,66 da orain. Zarautzen lau kasu zenbatu dituzte azken orduetan; sei ziren duela bost egun.

Igoera arina izan da, bestetik, Zumaiako kasu kopuruan. Kasu bakarra zenbatu zuten abenduaren 31n herri horretan, eta bost zenbatu dituzte azken orduetan. 

Beste muturrean daude Getaria, Errezil, Beizama eta Zestoa: kasu positibo bakar bat ere ez dute zenbatu herri horietan azken orduetan. Hala eta guztiz, intzidentzia tasa altua du Errezilek –966,18–.

Hego Euskal Herrian, kasuek gora

Datuek oro har hobera egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ez ordea Nafarroan. Atzo 66 kasu positibo atzeman zituzten  han, eta 88 zenbatu dituzte gaur –egun bakar batean % 6,8tik % 10,6ra igo da positibotasun tasa–. Guztira, 129 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan, horietatik 21 ZIUetan.

Gainontzeko lurralde historikoetan behera egin du kopuruak: Araban 39, Bizkaian 188 eta Gipuzkoan 132. Hiru lurralde horietan gora egin du ospitaleratutako pertsonen kopuruak. Hain zuzen ere, 257 ziren duela bost egun, eta 275 ziren atzo. Horietatik 78 daude ZIUetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide