Gorabehera handirik gabe jarraitzen du kasu kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 19a, 13:38

Hiru lurraldeetan 423 kasu zenbatu dituzte azken orduetan, eta 3,3koa da positiboen ehunekoa. ZIUn dauden pertsona kopuruak behera egin du zertxobait; ehun pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean, eta 112 zeuden atzo, Osasun Sailaren arabera.

Osasun Sailak eguneroko koronabirusaren datuen txostena kaleratu du gaur ere. Herriz herriko datuak ez dituzte jakinarazten asteburuetan, beraz, astelehenera arte itxaron beharko da datu zehatz horiek izateko. 

Atzo 423 positibo zenbatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herenegun 465 izan ziren hiru lurralde horietan atzemandako kasuak, beraz, gorabehera handirik gabe jarraitzen du kasu kopuruak. Lurraldearen arabera, Bizkaian atzeman dute kasu gehien, 211. Gipuzkoan 138 izan dira zenbatutako positiboak, eta Araban, 71. Lurralde horietatik kanpo bizitokia duten beste hiru pertsonak ere eman dute positibo. Guztira, Osakidetzak 12.906 PCR eta antigeno proba egin ditu, eta aipatzekoa da positibotasun tasak behera egin duela zertxobait. Hain zuzen ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3,3koa da positiboen ehunekoa; 3,6koa zen atzo. 

Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailak 47 pertsona ospitaleratu zituen herenegun COVID-19aren ondorioz. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, ehun pertsona daude, atzo baino bi gehiago. 

Nafarroako Gobernuak eman dituen datuen arabera, 2.232 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lurraldean, eta orotara, ehun lagunek eman zuten positibo proba horietan. Gaur-gaurkoz, Osasunbideak jakinarazi duenez, 21 lagun daude Nafarroako ospitaleetako ZIUetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide