Euskara ikasten ari direnek hizkuntza praktikatzeko aukera izatea da Mintzalagun programaren helburua. Horretarako, euskara ikasleak eta euskaldun zaharrak jartzen ditu harremanetan: astean behin elkartzen dira "bidelariak" eta "bidelagunak" direlakoak, ordubetez, euskaraz egiteko.
Eskualdeko AEK-k, eskualdeko udalek, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta UKUEk bideratzen dute programa Urola Kostan, eta hain zuzen, AEK da dinamizatzeko lanak egiten dituena. 2009an jarri zuten martxan egitasmoa eskualde mailan, eta iaz bete zituen hamar urte Orioko euskaltegiko Mintzalagun taldeak ere. Dinamikan parte hartzen duten kideak omendu zituzten San Nikolas jaietan: txupina bota zuten San Nikolas Egunaren bezperan, festei hasiera emateko.
Izen-ematea zabalik
Ikasturte honetan ere egin dute Mintzalagun programan parte hartzeko deia. "Euskaraz egiteko bultzadatxo bat behar dutenei" eta "inguruan praktikatzeko inor ez dutenei" luzatu diete izena emateko gonbita, baita "euskaraz ondo egin" eta "praktikatu nahi dutenei laguntzeko" prest daudenei ere.
Posta elektroniko bidez (urolakosta@aek.eus), telefonoz (625 485 215) edo zuzenean Orioko euskaltegira jota eman daiteke izena.