Positiboek gora egin dute Hego Euskal Herrian

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 27a, 16:08

Hego Euskal herrian, herenegun baino 92 kasu positibo gehiago zenbatu zituzten atzo. Nafarroan atzeman dituzte positibo gehien: 363. Gipuzkoan, berriz, herenegun baino bi kasu gutxiago zenbatu ditu Osakidetzak.

Osakidetzak eta Nafarroako Osasun Institutuak eman dute gaurko txostenen berri. Guztira, 13.012 PCR proba egin zituzten atzo, larunbata, Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842 lagunek eman zuten positibo; hau da, %6,47k. Lurraldeka aztertuta, ostera, Nafarroan zenbatu dituzte kasu positibo gehien; izan ere, 363 positibo atzeman zituzten han; Bizkaian, berriz, 276 kasu berri detektatu dituzte, Gipuzkoan 113 eta Araban 88.

Ospitaleen egoerari buruzko txostena ere kaleratu dute bi erakundeek. Osakidetzak jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hogei pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Gaur-gaurkoz, 50 pertsona dira hiru lurralde horietako Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dauden gaixoak. Nafarroan, aldiz, hamar pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Egun, 220 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan; horietatik 26, ZIUn.

Nafarroako Osasun Institutuak eta Osakidetzak datu horiek jakinarazten ditu larunbatetan eta igandeetan. Bihar, astelehena, azken hiru egunetako herriz herrikako datuak eta birskorkutza tasa edo R0 indizearen berri emango dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide