LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hezkuntzako aurrez aurreko itzulera “seguru eta adostua” eskatzeko. Hilaren 15erako egin dute deialdia, gaur, osteguna, sindikatu horietako ordezkariek elkarrekin eskaini duten agerraldian. Greba deialdiaz gain, datozen egunetarako hainbat protesta iragarri dute. Besteak beste, bihar ikastetxeetan argazki kolektiboak ateratzeko deia gauzatu dute, eta hilaren 10ean mobilizazioa egingo dute Bilboko, Donostiako eta Gasteizko hezkuntza delegaritzen aurrean.
Grebara deitu dute sindikatuek azaldu dutenez, “behar pedagogikoari erantzungo dion” aurrez aurreko ikasturtearen aldekoak dira, “bereziki zaurgarriak” diren ikasleak babesteko, baina horretarako “segurtasun bermeak” behar direla adierazi dute. “Egoera epidemiologiko kezkagarrian gaude, eta ezinbestekoa da aurrez aurreko itzulera segurua bermatzeko neurri eraginkorrak planifikatzea eta hori posible izateko baliabideak jartzea”.
Hainbat eskaera zehatz egin dituzte sindikatuek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta patronalek interlokuzioa aktiba dezaten eskatu dute, “plangintza elkarbanatzeko, negoziatzeko eta adosteko”. Horrez gain, lanpostu ororen ordezkapenak lehen egunetik ordezkatzea “funtsezkoa” dela jakinarazi dute, eta ratioei dagokienez, hamar-hamabost ikasteko taldeak osatzea lehenetsi dute.
Segurtasun neurriak hartzearen garrantzia azpimarratuta, garbiketarako eta jangelako langileen ratioak egokitzea eta metrajea zehaztea ere galdegin dute, baita jangela zerbitzua ikasle guztientzat bermatzeko eskatu ere. Gainera, eskola garraioan ere segurtasuna bermatu behar dela azaldu dute. Bestalde, arrakalak –pedagogikoa, teknologikoa, soziala, euskarari dagokiona…– bideratzeko neurriak ezartzea ere exijitu dute. Eta curriculuma egokitzea eta murriztea eskatzeaz gain, zaurgarrienak diren eta osasun arazoak dituzten langileak babesteko neurriak ezartzea eta langileen kopurua handitzea eskatu dute.
Sindikatuek azaldu duenez, ekainean eskatu zioten Hezkuntza Sailari “oinarrizko aldarrikapen komunak” betetzea eta ikasturte hasierako plangintza eta irizpide orokorrak eragileekin eta sindikatuekin negoziatzea. Eskaera haiek “erantzunik ez” zutela izan salatu dute sindikatuek, eta esan dute Hezkuntza Sailak “jarrera berberarekin” segitzen duela ikasturte berriaren atarian.