Osasun larrialdia ezarriko du Eusko Jaurlaritzak astelehenetik aurrera

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 15a, 13:45

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun larrialdi egoera ezarriko du Eusko Jaurlaritzak astelehen honetatik aurrera. Hala iragarri dute Arantxa Tapia eta Nekane Murga sailburuek eguerdian egindako agerraldian. Neurri konkretuen berri ez dute eman, baina aforoetan eta ostalaritzako ordutegietan eragina izango dutela aurreratu dute.

 

Pandemiak azken asteotan izandako bilakaerak eraman du jaurlaritza osasun larrialdia dekretatzera. Hala, neurri murriztatzaileak aplikatuko direla aurreratu dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak eguerdian emandako prentsaurrekoan. COVID-19agatik kutsatutakoen kopuruak gora egin duela adierazi dute, baina zenbaki horiek martxoan izandakoaren parekoak ez direla ere azpimarratu nahi izan dute. 

“Atzerapauso bat eman beharrean gara gaur, normaltasun berriak arazoak eman dituelako”, azaldu du Tapiak. Astelehenean aplikatuko den osasun larrialdiarekin hiru helburu bete nahi dituztela iragarri du. “Batetik, osasun sistema babestu nahi dugu, tentsioa ez eragiteko, eta kolapso batera ez heltzeko”. Konfinamendua saihestu behar dela ere azaldu du Tapiak. “Martxoan eta apirilean izandako etxealdiak egitea baztertzen dugu”. Bestalde, birusarekin bizitzen ikastea ere planteatu du sailburuak. “Txertoa izan bitartean, bizitza desberdina eraman beharko dugu”, esan du.

Gaurko agerraldian ez dute neurri zehatzen berririk eman. Osasun larrialdia astelehenean jarriko da indarrean, baina egoera hori kudeatuko duen lurralde arteko batzordea –Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duena– asteartean bilduko da, eta haren ondoren emango du erabaki horien berri. Onartu edo aztertuko diren neurri batzuk aurreratu dituzte sailburuek. Hala, edukieretan murrizketa planteatzen dute; zentzu horretan, pertsona taldeak hamar lagunetik gorakoak ezingo direla izan azpimarratu dute. Bestetik, ostalaritzako ordutegiak murriztea ere esku artean izango du instituzioen arteko batzordeak. “Baita garraio publikoan ere, beti ere ostalaritzako ordutegiekin lotuta badoa”, gaineratu du Tapiak. 

Gaur egungo egoerak instituzioen arteko koordinazioa eskatzen duela azaldu du Arantxa Tapiak. “Udal txikienetik hasi eta jaurlaritzara arte”. Neurri hauek artzea gozoa ez dela onartu du Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura sailburuak. “Atzerapausoa ematea ez da gozoa, baina beharrezkoa da”. 

Inoiz baino proba gehiago

Ostiralean izandako datuen berri ere eman du Nekane Murga sailburuak gaurko agerraldian. Inoiz baino PCR proba gehiago egin zirela aurreratu du –8.263 guztira–, eta horietatik 575 probak positibo eman zutela. Lurraldeei dagokionez, Bizkaian eman dira positibo gehien –375 kasu–, Araban 126 eta 64 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetan bizi ez diren pertsonen beste zazpi kasu izan ziren atzo. 

“Tsunami baten aurrean gaude, baina prest gaudela esan dezakegu, olatu horren tamaina ikus dezakegulako”, gaineratu du Osasuneko Sailburuak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide