Autobusera sartzerakoan, berriz, bidaiariak kontuan izan beharko du gidaria babesteko egokitutako autobusa den ala ez. Izan ere, gidaria babestutako autobusetan, aurreko atetik igotzeko aukera eskainiko da; aldiz, horrela ez den kasuetan, atzeko ateetatik sartu beharko da.
Bidaia ordaintzeko neurriei dagokienez, ezingo da eskudirutan ordaindu. Mugi txartela izango da onartutako ordainbide bakarra. Txartel anonimoen kasuan, autobusera atzeko ateetatik sartzea egokitzen bada, txartel bakoitzeko bidaiari bakar batek bidaiatu ahalko du. Txartela, sartzerakoan eta irteterakoan balioztatuko da gertuen dagoen makinan. Ibilbide luzeko lineetan, bidaia txartela aurrez erosiko da autosalmentarako makinetan, mugikorrerako Lurticket aplikazioan, web bidez edota txarteldegietan. 6 urtetik beherakoen kasuan, ohi bezala, haurrarekin bidaiatzen duen pertsona arduradunak gidariari jakinaraziko dio, Zero txartela atera dezan. Autobuserako sarrera atzeko ateetatik egiten denean, gidariak gordeko du adin txikikoaren Zero txartela.
Mugi txartela ez duten pertsonek eta hura eskuratu nahi dutenek ohiko salmenta guneetan eta kioskoetan eros dezakete mugi anonimoa (informazio gehiago www.mugi.eus webgunean eta 943 00 01 17 telefono zenbakian). Bestalde, autobuserako sarrera atzeko ateetatik den zerbitzuetan bertan behera geratuko da multibalioztatzea. Horretarako, bakoitzak bere txartela eraman beharko du bidaiatzerakoan. Eta, azkenik, Internet bidezko birkarga aktibatzeko, Lurraldebuseko autobus guztietan egin ahal izango da, sarrera atzeko ateetatik egiten denean izan ezik. Kasu horretan, Kutxabankeko kutxazainetan aktibatu beharko da.
Gaueko zerbitzurik ez
Lurraldebusek bere ohiko zerbitzuak berreskuratuko ditu eguneko lineetan, baina gaueko lineak bertan behera mantenduko dira oraingoz. Beraz, autobus zerbitzuak beste abisu bat eman arte ez da gaueko autobus zerbitzurik izango.
Bilboko aireportura iristen diren DO50B Donostia>(Zarautz)>Aireportua ere bertan behera mantenduko da abisu berria arte.