Maiatzaren 13an ireki zuten Itxaspeko buelta, mantenu-lanak egiteko bi hilabetez itxita izan ondoren. Berritasun batekin anuntziatu zuten oriotarrok hain gurea dugun mendi bueltaxkaren irekiera: aurrerantzean ezingo da autoz ibili hango errepidean, baserrira edo landetxera joateko ez bada. Akabo, hortaz, ehiztarien hamabost patrolak udazkeneko ehiza egunetan, soldadu errusiarrenak bailiran bide bazterrean lagata. Txoriak hegan eta ehiztariak oinez, ez al da tratu justuagoa? Bukatu dira ere hango talaian egin beharrekoak gaztetxo kuadrilla, "selfiezale" eta –ez hain— ezkutuko maitaleentzat; ezin gehiagotan Getariako arratoiari begira autoko argiak itzali, gauaren argi-ilunez gozatzen jarraitzeko. Tira, denak du prezio bat; Itxaspeko buelta motor soinu gutxiagorekin egiteak ere bai, antza.