Ekainaren 1ean zabalduko dituzte Lanbideren bulegoak

Karkara 2020ko mai. 25a, 12:27

Hainbat segurtasun neurri hartuta eskainiko dute aurrez aurreko zerbitzua; herritarrek maskara jantzi beharko dute. Jende pilaketak saihesteko hitzordua aurrez hartzea sustatuko dute, eta etxetik egin daitezkeen izapideen kasuan zerbitzu telematikoa eskaini. Gainera, hitzordua aktibatzeko, mugikorrean jasotako QR kodea erakutsi beharko da bulego sarreretan jarriko dituzten makinetan.

Datorren astelehenean, ekainak 1, zabalduko dituzte Lanbideren Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko 42 bulegoak. Hainbat segurtasun neurri hartuta irekiko dituzte bulegoak; besteak beste, manparak, distantziak mantentzeko seinaleak eta pertsona kopurua zaintzeko kartelak jarriko dituzte. Gainera, jende pilaketak saihesteko hitzordua aurrez hartzea sustatuko dute, eta etxetik egin daitezkeen izapideen kasuan zerbitzu telematikoa eskainiko dute. Horrela bulegoetan ahalik eta pertsona gutxien elkartzea eta itxaron denbora murriztea nahi dutela azaldu du Beatriz Artolazabal Lan eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Aurretiazko hitzordua www.lanbide.euskadi.eus webgunean edo 945-16 06 00 nahiz 630 30 54 52 telefonoetan hartu ahal izango da. Gainera, nahi dutenek hitzordua aktibatzeko, mugikorrean jasotako QR kodea erakutsi beharko da bulego sarreretan jarriko dituzten makinetan. "Behin kodea aktibatuta, txanda iristean zer mahaitara joan behar duen esango dio mugikorrak pertsona bakoitzari; beraz, kanpoan ere itxaron ahal izango dute herritarrek beren hitzordua iritsi bitartean". Herritarrek maskara jantzita sartu beharko dute bulegora, eta ahal den neurrian, gel edo toailatxoekin eskuak garbitu beharko dituzte horiek arreta jasotzerako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide