Osasun krisia hasi zenean, Open Lab Urola Kosta komunitateak bat egin zuen Covid Euskadi sarearekin, 3D inprimagailuen bidez biserak egin eta osasun langileak babesteko.
Oraingoan, ahalik eta langile gehienengana iristeko helburuarekin, eskualdeko saregileentzat bideratu dira babes-neurriak. Aste honetan hasi dute arrantzaleek antxoa kanpaina, eta sareak prest izan arte saregileek ez dute lan-etenik izan. Saregileen segurtasuna bermatzeko, Udal Elkarteak bisera gehiago egin ditu.
Ekoitzitako lehen biserak iritsi dira Orioko saregileengana, eta lanerako erosoak zaizkiela ikusita, Udal Elkarteak bisera gehiago egingo ditu Getariako eta baita Hondarribiko saregileentzat ere. Aurrera begira, asmoa da Saregin eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkartearen bitartez, sarea zabaldu eta Bizkaiko saregileentzako ere bisera gehiago egitea.
Izatez, Open Lab gunea bera itxita dago herritarrentzat, baina Udal Elkarteko inprimagailuak martxan daude langileak babesteko ekipamenduak sortzeko.
Etxean 3D inprimagailua duen edozein herritarrek hartu dezake parte auzolan- ekimenean. Interesa izanez gero, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez: openlab@urolakosta.eus / 943890808