Autobusak inoiz baino hutsago

Karkara 2020ko api. 24a, 12:51

Larrialdi egoera tarteko, hainbat segurtasun neurri hartzen ari dira Lurraldebusen zerbitzuetan. Gorka Mendizabal autobus gidari zarauztarrak egoera nola bizi duten azaldu du.

Larrialdi egoera ezarri zutenetik hainbat neurri hartu dituzte zerbitzu publikoetan. Autobus zerbitzuek martxan jarraitu dute lehen egunetik, baina ordutegiak murriztuta eta hainbat segurtasun neurri hartuta. Errepideak lasai daude, eta gidatzeko eroso. Egoerak, ordea, badu beste alde bat ere: autobusak ia hutsik dabiltza, bidaiaririk gabe. Triste.

Gorka Mendizabal (Zarautz, 1985) 21 urterekin hasi zen autobus gidari. Duela bost urtetik La Guipuzcoana enpresako autobus gidarietako bat da, eta Lurraldebusen Urola Kostako hainbat autobus zerbitzutan aritzen da: “Azkoitia-Donostia, Azkoitia-Zarautz, Zumaia-Zumarraga, Azpeitia-Eibar-Ermua, Azpeitia-Tolosa… ibilbideetan aritzen naiz autobusa gidatzen. Gidariok txandaka ibiltzen gara zerbitzu desberdinetan”.

Larrialdi egoeran autobus gidarien jarduna “asko” aldatu da, Mendizabalen hitzetan. Aldaketak pixkanaka eta egunean egunekoak izaten ari dira. Horregatik, egoera eta aldaketa berrietara moldatzen joan behar izan dute: “Pixkanaka joan dira erabakiak hartzen, baina antzeman dugu aldaketa. Hasieran, koronabirusagatik larrialdi egoera ezarri zutenean, jende gehienak serio hartu zuen kontua. Dena den, izan zen horren serio hartu ez zuenik ere. Orduan, jende pixka bat ibili zen autobusetan, baina gogor hasi ziren udaltzainak eta ertzainak neurriak hartzen: autobusetan sartzen eta autobus geltokietan jendeari ziurtagiria eskatzen hasi ziren. Gerora, jende asko kontzientziatu da egoeraren larritasunaz. Egun, oso-oso jende gutxirekin gabiltza autobusetan; eguneroko bidaiariak dira ia denak. Hau da, derrigorrez adineko bat zaintzera edota lanera joan behar dutenak dira gehienak. Egia esanda, erabateko aldaketa izan da, eta oso triste gabiltza autobusean”.

Segurtasun neurriak

Martxoaren 14tik bai autobuseko bidaiariek eta bai gidariek arau batzuk bete behar dituzte: autobusaren atzeko atetik sartu eta irten behar dute bidaiariek; Mugi txartelarekin ordaindu behar da bidaia; eta autobus barruan segurtasun distantziak gorde behar dira, bai bidaiarien artean, baita gidariarekin ere.

Autobus gidariak “erabat bakartuta” daude autobusean, gaitza ez kutsatzeko hartutako segurtasun neurriengatik. “Bidaiariekin ia-ia batere kontakturik ez dugu izaten, ez baldin bada zerbait larria behintzat… Inoiz bidaiariren batekin kontakturen bat eduki behar badugu, maskara eta eskularruak janzten ditugu”, azaldu du Mendizabalek.

Autobusak garbi mantentzeko ere neurri oso zorrotzak hartzen ari direla dio Mendizabalek, eta garbitzaileak egiten ari diren lana goraipatu du: “Zumarragako Ospitalera iritsitako bakoitzean, autobusa desinfektatu egiten dute. Orduero sartzen da pertsona bat autobusa garbitzera. Donostiarako autobusetan ere sartzen dira garbitzaileak aldika. Horrez guztiaz gainera, gauero garbitzaileek sakon garbitzen dituzte autobusak. Garbitzaileak benetan lan txalogarria egiten ari dira”.

Hartu beharreko segurtasun neurriengatik, bidaiariekin gidariek izaten duten harremana ere aldatu egin dela dio Mendizabalek: “Egoera tristea da. Bidaiariak atzeko atetik sartzen dira autobusera eta gidariongandik bi edo hiru eserleku atzerago esertzen dira. Bateren batek ‘egun on!’ esaten badu, igoal entzuten dugu, eta erantzuten diogu, baina bestela, ezer ez. Egoera normalean, berriz, eguneroko bidaiariekin tertulian joaten gara; batik bat, Azkoitia-Azpeitia arteko zerbitzuan, eguneroko jende asko ibiltzen den bidaietan”. Orain, berriz, urrutitik tratua izatea zaila egiten zaie: “Elkarri oihuka jarduten diogu zer moduz gabiltzan-eta galdetuz”.


Errepideak, lasai

Errepidean, berriz, eroso eta lasai dabiltza gidariak. Mendizabalen hitzetan, aste hauetan “ia-ia pasieran” dabiltza autobusarekin: “Gozamena da gidatzea, errepideetan trafiko gutxi dago, eta ederra da horrela gidatzea”. Denboraz ere oso lasai dabiltza: “Askotan autobus geltokietan denbora egiten jardun behar izaten dugu, denbora soberan daukagula ibiltzen garelako. Pena da Donostiako autobus geltokia itxita dagoela, eta ez daukagula han kafea hartzeko aukerarik. Egoera normalean, lau-hiru minutu izaten ditugu han itxoiteko, eta orain, berriz, ia hogei minutu”.

Larrialdi egoeraren lehen asteetan autobus zerbitzuak asko murriztu zituzten. Orain, ordea, gutxinaka gehitzen ari dira. “Dagoeneko goizeko autobus zerbitzuak nahiko osatuta jarri dituzte, bai eguerdikoak, baita arratsalde bukaerakoak ere”, adierazi du gidariak.

Arratsaldeko zazpiretatik aurrera, herriak hilda ikusten direla dio Mendizabalek: “Izugarria da, Zumarragara autobusa hutsik joaten da egun askotan, eta herrietan ez da inor ikusten”. Pixkanaka bada ere, gauzak bere onera etortzen joango direla uste du autobus gidariak, eta egunean eguneko aldaketetara moldatzen joan beharko dutela herritarrek.

 

Bete beharreko neurriak

Lurraldebusen zerbitzuetan, erabiltzaileen eta gidariaren arteko kontaktua eragozteko hainbat segurtasun neurri hartzen ari dira larrialdi egoera ezarri zutenetik:
– Sarrera-irteerak. Autobusaren aurreko atetik ezingo dute sartu bidaiariek. Autobusera sartzeko eta handik irteteko atzeko atea erabili beharko dute. Sartutakoan eta irteterakoan atzeko ateetako makinak bakarrik erabili beharko dituzte.
– Ordainketa. Ezin da eskudirutan ordaindu autobuseko bidaia txartela. Ibilbide ertain eta laburretan, Mugi txartela bakarrik erabili behar da bidaia-txartela ordaintzeko. Mugi txartela ez dutenek, ohiko kiosko eta saltokietan eskura dezakete. Mugi txartelari buruzko informazioa www.mugi.eus webgunean edota 943-00 01 17 telefono zenbakian eskura dezakete herritarrek.
– Gidariarekin kontaktua. Bidaiariak gidariarengana gerturatzea saihesteko, zinta bat jarrita izaten da gidariaren atzeko aldean. Bidaiariek ezin dute zinta hori igaro.
– Bidaiarien arteko distantzia. Behin autobusera sartutakoan, bidaiariek zentzuzko segurtasun distantzian eserita egin beharko dute bidaia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide