Aian eta Orion ez dute koronabirus kasu berririk atzeman azken orduetan

Karkara 2020ko api. 18a, 14:17

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 16 koronabirus kasu zenbatu dituzte Orion eta hiru Aian, baina positibo eman zutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko.

Koronabirusa hedatzen ari da inguruan, baina haren abiadura moteldu egin da azken egunetan. Herenegun lau kasu berri zenbatu zituzten eskualdean, eta atzo bi kasu izan ziren; bata Zumaian eta bestea Azkoitian. Hala, eskualdeko beste herrietako positibo kopuruan ez dela gorabeherarik egon jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Guztira, 207 positibo zenbatu dituzte eskualdean. Hurrengoak dira datuak herriz herri: 110 kasu Zarautzen, 47 Zumaian, hamasei Orion, hamahiru Azkoitian, bederatzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.

Datuak lurraldeka
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 12.355 kasu zenbatu ditu Osakidetzak, atzo baino 266 gehiago. Atzoko egunez 2.999 test egin zituzten, eta horietatik, %8’8ak eman zuen positibo; hau da, hamarretik batek baino gutxiagok eman zuen positibo proban. Guztira, 51.274 test egin dituzte pandemia hasi zenetik gaur arte. Bestalde, Nafarroan, 4.579 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, atzo baino 146 gehiago.

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.374 dira koronabirusaz hildakoak, atzo baino 44 gehiago. Izan ere, azken orduetan 28 pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 16 Nafarroan. Sendatu diren pazienteak, berriz, 954 dira Nafarroan eta 6.556 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide