Euskaraldia 2020

Etxealditik Euskaraldira egitasmoa antolatu dute, udazkeneko Euskaraldirako prestatzen hasteko

Karkara 2020ko api. 17a, 09:28

Datorren astean jarriko dute martxan etxeko hizkuntza ohiturez hausnartzea eta horiek aldatzea xede dituen egitasmoa, eta maiatzaren 3an bukatuko da. Datorren udazkenean, azaroren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldirako prestatzeko ariketa baliagarria izango dela espero dute.

Apirilaren 20an hasiko da udazkenean egingo den Euskaraldiaren atarikoa izango den Etxealditik Euskaraldira egitasmoa. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatzeko baliagarri izango delakoan antolatu dute egitasmoa, eta besteak beste, konfinamendu egoeran herritarrek etxekoekin eta etxetik dituzten hizkuntza ohiturei buruz gogoeta eragitea da xedea. Horrez gain, baina, euskararen erabilera sustatu nahi dute, horretarako bitartekoak eskainita. Izan ere, ezohiko egoeran, hitz egiteko gogoa badagoela nabarmendu du Rita Aldabaldetreku Euskaraldiko koordinatzaile orokorrak: “Bizi dugun egoera ezohiko honetan, zerbait baldin badaukagu, elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira”.

Datorren astelehenean hasiko dira dinamikarekin, eta lau fase izango ditu: aurkezpena astelehenean egingo dute; asteartetik hilaren 23ra hausnarketa fasea irekiko dute; hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa proposamena hilaren 24tik 30era izango da; eta bukaerako ekitaldia maiatzaren 3an egingo dute. Euskaraldiaren sare sozialen eta egitasmoaren webgunera igotako bideoen eta mezuen bidez emango dituzte Etxealditik Euskaraldira egitasmoan parte hartzeko azalpenak, eta herrietako batzordeek ere parte hartuko dute horretan, beren sare sozialen bidez. Bukaerako ekitaldiaren gaineko xehetasunak, berriz, apirilaren 30ean emango dituzte Euskaraldiaren sustatzaileek.

Herritarrei Etxealditik Euskaraldira egitasmoa “berena egiteko” eta fisikoki nahiz sare sozialen bidez “aktibo izateko” deia egin diete haren antolatzaileek. Sare sozialen aldeko hautua egiten dutenei, #EtxealditikEuskaraldira traola erabiltzeko eta @euskaraldia kontuari aipamena egiteko eskaera egin diete: “Guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbidetzeko”. Bestalde, etxeetako leihoetan eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko diete parte-hartzaileei, egitasmoan murgildu direla adierazteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide