Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle guztiek gaindituko dute 2019/2020 ikasturtea, salbuespen batzuekin. Hala adierazi du gaur, asteazkena, Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak, autonomia erkidegoetako hezkuntza ordezkariekin bildu ostean. Halere, ikasle guztiek ez dute nota berarekin gaindituko ikasturtea. Hain zuzen ere, ikasleek lehen bi hiruhilekotan ateratako noten arabera jarriko dituzte horiek irakasleek, eta eskolak presentzialak ziren artean egindako lana hartu beharko dute kontuan horretarako. Aldiz, hirugarren hiruhilekoko notak ikasleen onurarako badira soilik hartuko dituzte aintzat irakasleek.
Ebaluazioa amaitzean, ikasleei txosten bana egingo diete irakasleek, eta horietan zehaztuko dute ikasle bakoitzak datorren ikasturtean ikasgairen bat errepikatu beharko duen ala ez, baina ikasturtea gainditu egingo dute guztiek. Ezohiko kasuetan soilik errepikatuko dute ikasleek ikasturtea, eta horretarako ikastetxeek administrazioaren baimena beharko dute. Bestalde, ikasturtea ekainean amaituko dela azaldu du Zelaak, baina zehaztu du autonomia erkidegoetako gobernuek aukera izango dutela udan errefortzurako ekintzak antolatzeko eta bultzatzeko.