Elikagaien azokak debekatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Karkara 2020ko api. 9a, 13:19

Osasun larrialdiak iraun bitartean, baserritarren azokak debekatu ditu erakundeak. Nekazarien sindikatuek gogor salatu dute erabakia.

 

Orain arte hainbat herritan martxan izan badira ere, elikagai azokak egitea debekatu du Eusko Jaurlaritzak, osasun larrialdiak iraun bitartean. Besteak beste, Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen baserritarrek postuak jartzen jarraitu dute alarma egoera ezarri eta agindu hori iritsi arte. Azkoitian, esaterako, Berdura Plazako saltokiak bai, baina baserritarrek beraien postuak ezingo dituztela jarri jakinarazi du Azkoitiko Udalak.

Hautsak harrotu ditu Jaurlaritzaren erabakiak. EHNE nekazarien sindikatuak oso gogor hitz egin du: “Azokak ez dira jolaserako eremua. Gaur, Eusko Jaurlaritzak agindu bidez azokak debekatu ditu. Azokak udalen eskumena dira, eta osasun neurriak estatuaren eskumena. Zertara dator azokekiko halako tema?”. 

Sindikatuak azaldu duenez, Gipuzkoako EHNEk azoken kudeaketaz arduratzen diren erakundeei astelehenean eskatu zien azokak zabalik manten zitzaten. “Hainbat herritan, higiene eta protokolo zehatzek agindu bezala, neurriak hartu dituzte eta azokak bermatzeko gai izan dira”. 

Azoketan zuzeneko salmenta egiten duten baserritarrek hala egiten jarraitzeko aukera izan nahi dutela azaldu dute. “Bitartekaririk gabe gure produktuak saltzeko aukera izan nahi dugu. Zergatik debekatu nahi duzue? Katalunian onartu dituzte, baita Espainiako beste hainbat lekutan ere. Zergatik ez hemen?”. 

Erabakiak baserritarrei zer kalte eragingo dien ere adierazi du EHNEk: “Baserritarrok gure produktuak saltzetik bizi gara. Egoera dagoeneko zaila baldin bada, ulergaitza da beste oztopo bat jartzeko tema hori”. Baserritarrentzat azokak ezinbestekoak direla nabarmendu du sindikatuak, eta tokian tokiko ekonomiarentzat oso mesedegarriak direla.

ENBA ere kritiko
Ildo bereko kritikak egin ditu ENBA Euskal Nekazarien Batasunak ere: “Erabakia ulertezina eta tamalgarria da, bai azoketara joaten diren baserritarrentzat eta kontsumitzaileentzat, baita azokak elikagaiak erosteko gune gisa defendatzen ditugun ororentzat ere”.

Jaurlaritzaren barruan barne koordinazioa falta dela ere salatu du sindikatuak, Osasun Sailak azokak debekatu dituen egun berean, Merkataritza Sailak merkatuak eta bertako produktuak babesteko kanpaina bat hasi duelako, “hitzez hitz, elikagai fresko eta bertakoaz hornitzeko guneak betetzen duten tokia aldarrikatuz”. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide