Bi astez luzatu du konfinamendua Espainiako Gobernuak, apirilaren 26ra arte

Karkara 2020ko api. 4a, 15:46

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak esan berri du kutsatzeak murriztea dela garrantzitsua eta horretarako denbora behar dela. Hala, bi astez luzatu du lehendik ezarrita zuten alarma egoera. Industria berriz marxan egongo da Aste Santuen ondoren, baina konfinamendua pixkanaka murriztuko dutela aurreratu du.

Azken orduetako zurrumurruak baieztatu egin dira eta Espainiako Gobernuak hilaren 26a arte luzatuko du koronabirusa dela-eta ezarritako alarma egoeraren barruko herritarren konfinamendua.

Gaur goizean zientifikoen aholku batzordearekin bilera egin ostean hartu dute erabakia. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak 15:00etan egin du agerraldia, eta azpimarratu du kutsatzeak murriztea dela garrantzitsua eta horretarako denbora behar dela.

Agerraldian aurreratu du aktibitatera pixkanaka itzuliko dela gizartea, eta plan bat prestatzen ari direla gaineratu du alarma egoera eta mugikortasunak izango dituen bilakaeraz. Hori bai, esan du industria berriz martxan jarriko dutela Aste Santuen ondoren.

Martxoaren 14an ezarri zuten alarma egoera hori eta, berarekin, konfinamendua. Orduan, hamabost egunerako ezarri zuten, martxoaren 29a arte. Lehen astea igarota, ordea, martxoaren 22an, jakin zen apirilaren 11 arte luzatuko zutela itxialdia. Gaurko erabakiarekin, beste bi aste erantsi dizkiote.

Umeak etxetik irteteko edo kirola egiteko aukerarik ez du aipatu Sanchezek, ezta maskaren erabileraren gaineko neurririk ere. Momentuz, konfinamenduaren baldintzetan berrikuntzarik ez du iragarri.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide