Euskadiko Garraio Agintaritzak erabaki du garraio publikoa %40 eta %60 artean murriztea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskariaren arabera. Dena den, herritarrei lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara joatea bermatuko zaiela ziurtatu du agintaritzak. Astelehenean jarriko dituzte neurriak indarrean. Autobusen, trenen eta tranbien gaueko zerbitzuak bertan behera utziko dituzte, bestalde. Lurraldebusek jakinarazi du ez duela gaueko zerbitzurik emango; egunez, ohiko ordutegian aterako dira autobusak. Edozein aldaketa baldin bada, lurraldebus.eus atarian jakinaraziko dute.
Gainera, autobusak hartu behar duten herritarrek neurri berezi batzuk bete beharko dituzte: atzeko atetik sartu beharko da autobusera, atzeko ateetako makinak bakarrik erabiliko dira sarreran eta irteeran eta ezingo da esku diruarekin ordaindu —soilik Mugi txartelarekin—.