Gaurtik aurrera, ekintza jakin batzuetarako bakarrik atera ahalko dira herritarrak etxetik

Karkara 2020ko mar. 15a, 10:45

Alarma egoera ezarrita, COVID-19 gaixotasuna –SARS-COV-2 birusa– ez hedatzeko neurriak hartu ditu Espainiako Gobernuak: herritarrak ezingo dira etxetik atera, ez bada, besteak beste, botikak eta elikagaiak erosteko edo lanera joateko. Aisiari lotutako ekintza guztiak bertan behera gelditu dira.

COVID-19 kasuak han eta hemen agertzen ari diren heinean, erakunde publikoak neurriak hartzen ari dira azken egunotan koronabirusaren hedatzea oztopatu eta herritar kutsatuen kopurua jaisteko. Espainiako Gobernuak herenegun, ostiralean, iragarri zuen alarma egoera izendatzeko erabakia, eta gaurtik martxan da alarma egoera hori arautuko duen dekretua. Gaurtik aurrera, Hego Euskal Herriko biztanleak ezingo dira etxetik atera nahi bezala. 

Etxetik irten ahalko dira, soilik, elikagaiak eta botikak erosteko, osasun zentroetara joateko, lantokira joan-etorria egiteko, zaintza lanetarako, banketxeetara joateko edota ezinbesteko joan-etorriren bat egiteko. Ekipamendu teknologikoek, prentsak, ile apaindegiek eta tindategiek ere beren jarduerarekin jarraitu ahal izango dute. Aisiari lotutako ekintza guztiak, berriz, bertan behera geratu dira; besteak beste, kultur eta kirol eremuko ikuskizunak eta ostalaritza. Onartutakoen artean, berriz, gutxienez metro bateko distantzia gorde beharko da.

Espainiako Gobernuak hartutako neurriak hamabost egunean egongo dira indarrean, baina epe hori luzatzeko eskumena du Espainiako Kongresuak. Alarma egoera honen aurrean, Espainiako Gobernuak izango du eskumena gobernu autonomikoen aurrean edozein erabaki hartzeko. Ondorioz, Ertzaintza Espainiako Barne Ministerioaren esanetara geratu da, eta Osakidetza Osasun Ministerioaren aginduetara; Espainiako Armada esku hartzeko prest dagoela gaineratu du Espainiako Gobernuak.

Gauerditik martxan den dekretuak gobernuari neurri gehiago hartzeko aukera ematen dio. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri zuen, neurriak “gogorrak” izango direla, eta, ondorio ekonomikoei begiratuta, alor ekonomikoari lotutako zenbait neurri hartu zituzten: diru sailak prestatuko dituzte familiei, enpresariei eta autonomoei laguntzeko, kaleratzeak saihesteko eta birusaren aurkako txerto bat ikertzeko.

Espainiako Gobernuak onartutako dekretua irakur daiteke hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide