Ostalaritza guneak, elkarte gastronomikoak eta errezatzeko zentroak ixteko agindu du Jaurlaritzak

Karkara 2020ko mar. 14a, 14:50

13:30ean jakinarazi ditu Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren azken neurriak. Prebentzio neurriak bihar sartuko dira indarrean, baina gaurtik aurrera aplikatzeko gomendioa egin die herritarrei lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzak neurri berriak proposatu ditu koronabirasen zabalkundea eteteko. 13:30ean jakinarazi ditu Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak, eta besteak beste, ostalaritza guneak, elkarte gastronomikoak eta otoi egiteko zentroak ixteko agindu du. Azken prebentzio neurriak bihar, igandea, sartuko dira indarrean, baina neurriak gaurtik aurrera aplikatzeko gomendioa egin die herritarrei. Neurriek hamabost eguneko indarraldia izango dute, “luzatzeko adosten diren erabakiak alde batera utzi gabe”. 

Koronabirusak sortu duen larrialdiari aurre egiteko, planaren aholku batzordea aktibatu du gaur Eusko Jaurlaritzak, eta egoera aztertzeaz gain, koronabirusari eusteko neurri berriak adostu dituzte.

Lehendakariak azaldu duenez, koronabirus kasuen “igoera” egiaztatu dute, eta horregatik hartu dituzte neurri berriak. Batetik, adinekoen eguneko zentro guztiak ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta zentro publiko zein pribatuetan bisitak kentzea. Urkulluren arabera, ordea, zentro bakoitzaren esku gelditzen da bisitak egin ala ez erabakitzea “behar izanez gero” eta “salbuespenak baloratuz”. Bisitak egiten diren kasuetan, eguneko pertsona bakar bat joan ahal izango da egoiliarra bisitatzera eta 37ºC-tik gorako tenperatura dutenei sarrera debekatuko zaie.

Egoitzez gain, ordea, edozein motatako jarduerak bertan behera uztea erabaki du Jaurlaritzak. Neurri horrek eragina du museoetan, erakusketa-aretoetan, ostalaritzan (etxeko zerbitzua izan ezik), kirol instalazioetan, joko-lokaletan, txokoetan, elkarte gastronomikoetan eta otoi egiteko zentroetan.

Gomendioak

Halaber, hainbat gomendio eman ditu Iñigo Urkullu lehendakariak. Esaterako, metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez duten lokaletan jarduera mugatuko dute. Azken neurri hori bermatzerik ez dagoenean, berriz, pertsona taldeak biltzen diren beste edozein jarduera edo lokal etengo dutela jakinarazi du. 

Eusko Jaurlaritzak adierazi du garrantzitsua dela Osasun Sailaren agindua “zorrotz” eta “eraginkortasunez” betetzea. “Ezinbestekoa da aginduak betetea, koronabirasuren hedapenari eusteko eta biztanleriaren osasuna zaintzeko”, gehitu du Urkulluk.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide