PAPEREKOA

Gimnasioa. Diskrezioaren tenplua

Jon Garate 2020ko ots. 11a, 09:00

Jon Garatek KARKARAren 413. zenbakirako idatzitako iritzi artikulua "Nire honetan" atalean.

Pasa dira Gabonak, eta bi astetan urteko kaloria guztiak jan ditugu. Orain datoz komeriak. Ni, urte berriarekin batera, kiroldegira joaten hasi naiz, udarako sasoi onean jarriko naizen esperantza faltsuarekin. Gimnasioan, ordea, bada gustatzen ez zaidan jende bat. Hona nire analisia:

BEREKOIAK. Makina edota pisu guztiak beraientzat hartzen dituztenak. Gimnasioan 20 makina badaude, hauek 6 batera hartu eta zirkuitu bat egiten dute. Bost axola besteak!

TROGLODITAK. Ariketa egitea garrantzitsua da, baina are gehiago jendeak ikustea indartsuak garela. Pisuari eutsi eta orru egiten hasten dira. Sustoren batekin bihotzeko batek emango dit egunen batean!

JAKINTSUAK. Mundu guztiari aholkuak ematen aritzen dira. Normalean, gainera, ideiarik eduki gabe. Horiek gorputza baino, mingaina lantzen dute gehiago. (Ni ere ez nago hitz egiteko moduan...).

ZERRIAK. Badaude entrenamenduaren aurretik, ondoren baino usain txarragoa dutenak. Ez da azalpen gehiago behar.

Kasu hauekin ez dut orokortu nahi, baina kexatu beharra neukan. Orain, gimnasiora joateko gogoz segitzen baduzue, animo! 2020a zuen urtea da eta!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide