PAPEREKOA

Iritzia: Zoru pelbikoaren tabua gaindituz

Karkara 2020ko ots. 9a, 13:00

KARKARA aldizkariko 413. zenbakirako Miren Gozategi fisioterapeutak zoru pelbikoaren inguruko artikulua idatzi zuen, Osasuna atalean.

Gure gizartean oraindik tabua da zoru pelbikoaren gaia. Oztopoak gainditu eta hortaz hitz egiten denean ere, askotan gorputzean isolatuta dagoen atal bat dela ulertzen dugu, soilik erditzeko balio duena. Irudipen hori guztiz okerra da, emakumeon zein gizonen gorputzean funtzio desberdinak baititu zoru pelbikoak. Beste edozein atalekin gertatzen den bezala, gure egunerokoan eragin dezaketen disfuntzioak izan ditzake, baina horiek ez dira etsipenez, isilpean, bere horretan onartu behar. Herritarrek jakin behar dute landuta konpondu daitezkeela. Adibidez, asko dira hilekoa dutenean tanpoia edo kopa jartzean mina sentitzen duten emakumeak, baita sexu harreman mingarriak dituztenak ere. Horrek ez luke horrela izan behar.

Erditzeak utzitako ondorioez ere oso gutxi hitz egiten da. Emakume askori pixak ihes egiten die, eta ezkutuan gordetzen da lotsagatik; etxean komentatzera animatzen direnek, berriz, askotan erantzun frustragarria jasotzen dute: “Normala den. Zer nahi den ba, ama izan haiz eta”. Bestetik, erditzea oso traumatikoa izan denean, emakume askori kosta egiten zaie berriz ere sexu harremanak izatea. Izan ere, erditu ondoren, zoru pelbikoak duen esfera sexuala ez da egoten erdigunean, beste eginkizun batzuk ikasten eta egoera berrira ohitzen ari delako emakumea. Horregatik, berriz ere sexu harremanak izateko denbora behar izaten dute zenbait emakumek, are gehiago erditze gogorra izan badute, baina ez dago horretaz lotsatu beharrik. Gainera, zenbaiti erditu ondoren nola geratu diren ikustea ere kosta egiten zaie. Egoera berria onartzea, baina, oso garrantzitsua da, une horretan hasten baita pixkanaka bere onera itzultzeko bidea.

Zorionez, gaur egun emaginek emakumeok izan ditzakegun zalantzak argitzeko ahalegin berezia egiten dute, baina gure ardura da tabuak haustea eta gure artean edo adituekin gertatzen zaigunaz hitz egitea. Egia da belaunaldi askotan zehar normaltzat hartu izan direla erditu ondoren izan daitezkeen disfuntzio horiek, baina gaur egun badakigu zoru pelbikoa landu daitekeela. Gihar multzo bat da, eta lantzen bada, bere onera itzul daiteke.

Emakumeen zoru pelbikoaren gaia isilpean gordetzen bada, gizonezkoen kasuan, badirudi ez dela existitu ere egiten. Normalean, gaztaroan ez die arazorik ematen, baina adinean aurrera egin ahala, disfuntzioak has daitezke. Zoru pelbikoaren funtzioa ulertzeko, puzzle bat irudikatu dezakegu. Zoru pelbikoa giharrez osatutako eremu bat da, eta gihar bakoitzak funtzio bat izan ohi du. Horregatik, puzzle horretako gihar bat kentzen edo mugitzen denean, arazoak has daitezke. Zoru pelbikoko gihar batzuk gorputzaren atal desberdinen sostengu lana egiten dute. Gihar horietakoren bat lasaitzen denean agertu daitezke arazoak; maskuria erortzen hasten denean, esaterako, pixak ihes egiteko arriskua egoten da. Beste batzuk, mugimendua erregulatzen duten giharrak izaten dira, uzkiko esfinterrean parte hartzen dutenak, adibidez. Horregatik, askok ez badakite ere, kaka egiteko arazoek zoru pelbikoan ere izan dezakete abiapuntua.

Disfuntzio mailaren arabera, erantzun bat edo bestea izaten dute tratamenduek, eta zoru pelbikoa lantzen hasteko pasa den denborak ere errekuperazioan eragin dezake. Hau da, tratamendua hasteko asko itxaron bada, gehiago kostatzen da bere onera bueltatzea. Dena dela, eremua landuz aurrerapauso garrantzitsuak eman daitezke, eta argi izan behar dugu konpondu daitezkeela egunerokoan gogaitzen gaituzten isilpeko arazoak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide