Bihar San Silvestre lasterketak izango dira Aian eta Orion

Karkara 2019ko abe. 30a, 09:33

Orion haurrek zein helduek izango dute San Silvestrea egiteko aukera, eguerdian. Aian, aldiz, arratsaldean egingo dute lasterketa.

Bihar izango da urteko azkeneko eguna, eta ohiturari jarraituz, San Silvestrean korrika eginda agurtuko dute urtea ehunka herritarrek. Orion goizean eta eguerdian izango dira lasterketak, eta Aian, arratsaldean.

Orion, haurrak izango dira kalea hartzen lehenak; 11:30ean hasiko da haurrentzako San Silvestrea, ikastola aurretik. Helduek orduerdi beranduago hartuko dute lekukoa. Hala, 12:00etan hasiko dute lasterketa, ikastola aurretik haiek ere.

Aian, baina, arratsaldean izango da San Silvestrea, 17:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, ordu erdi lehenago irekiko dute izen-ematea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide