Sarritan entzuten dudan komentarioa da jarduera fisiko saio edo entrenamendu baten inguruan, "tartea hartzen badut eta saioa egin, ondo, bestela, gaur ere ezer ez". Bai, ez zaio arrazoirik falta, egitea beti (gehienetan) izaten da onerako, baina ez egitea ez da bere horretan gelditzen, ez egitea kalterako da.
Jakina da sedentarismoa munduan hiltzeko bost kausa nagusienen artean dagoela, aktibitate eza eta ohitura txarrekin loturiko bestelako arrazoiak izanik lagun, hala nola, hipertentsioa, obesitatea, tabakismoa eta beste zenbait arazo kardiobaskular, elkarren artean lotura zuzena dutenak.
Denok dakigu kaltegarria dela ez mugitzea, bai fisikoki zein mentalki arazo handiak ematen dizkigu. Jakina baino gehiago da jarduera fisikoa egitea gaixotasun kardiobaskularren prebentzio onena dela, hezur eta giharren estrukturei dagokienez ere mesede handia egiten digula. Depresioaren aurkako giltzetako bat ere bada, eta autoestimu egokiaren iturri. Osasuna da.
Zenbat sentituko zarete identifikatuak bizkarreko minarekin, artikulazioetakoekin, odol analisi alteratuekin, obesitatearekin, hipertentsioarekin, estresarekin, etab. Bizitza estresatuak ditugu, presaka bizi gara, batzuk 8 ordu eserita pantaila baten aurrean, besteak postura desegokietan ordu asko. Honela, tentsioak akumulatuz, mugikortasuna galduz, giharrak lokartuz eta hauen aktibitatea itzaliaz. Zientifikoki frogatua dago honelako arazoen aurrean orain arteko tratamenduek –atsedena eta pilula batek– ez dutela funtzionatzen. Mugitu egin behar gara, gorputza, indartu, tentsioak askatu eta aktibatu.
Bestalde, beste puntara joango naiz momentu batez. Gainentrenamenduak asko markatu nauenez, aipatu nahi nuke, presioa, mugan entrenatzea, asko, eta gehienetan gaizki ez dela ona osasuna bilatu nahi dugunontzako. Goi mailako kirolaria izanik, hori jasateko prestatzea gomendatuko nizuke aspektu ezberdinak landuz. Bestela, ze zentzu du minarekin egon eta gogor entrenatzen jarraitzeak, etxean zuen txikiekin zein familiarekin, lanean edo lagunartean denbora galtzeak? Asko exijitzeak zuen buruari, askotan gogorik gabe entrenatzeak, soilean, gehiago hobe dela pentsatzeak. Goi mailako kirola ez da osasuna, garbi dudan ikuspegi bat da, hortaz horra nire gomendioa: goi mailako kirolaria ez bazara, ez hartu paper hori, inork ez dizu eskertuko, eta osasuna eta denbora galduko dituzu.
Baloratu zuen bizitzako zein puntutan zaudeten, baloratu zuen osasuna, zuen gorputza, zuen minak, sasoia eta zuen denbora, inoiz errekuperatuko ez duzuen denbora. Bilatu oreka. Sedentarismotik atera ahal bezain pronto, ez badakizue nola, eskatu laguntza.
Ikasi eta ezagutu zer den jarduera fisikoa eta kirola, ezagutu zure gorputza aktibo eta bere abantailak zure osasun fisiko zein mentalarentzat. Eta beste puntan zaudetenoi, neurria hartu eta hausnarketa bat egitera bultzatuko zintuzketet. Gertutik bizi duzuenok badakizue zertaz ari naizen.
Jarduera fisikoa eta kirola egoki eginda, medikuntza da, osasuna da.