Mintzalagun programan izena emateko epea zabalik dago

Karkara 2019ko urr. 29a, 12:30

Mintzalagunak astean behin juntatzen dira, talde txikitan, ordu betez euskaraz hitz egiteko.

Mintzalagun programak euskaraz hitz egiteko aukera ematen die euskara-ikasleei, eta beren maila hobetu nahi dutenei, euskaldun zaharrekin harremanetan jarrita. Talde txikitan juntatzen dira astean behin, ordu betez, euskaraz hitz eginez kafe bat hartzeko edota paseatzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen du Mintzalagun programa, eta AEK-k bideratzen du Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orion. Hala, ekimenean parte hartzeko epea zabalik dela jakinarazi dute antolatzaileek. "Euskaraz egiteko bultzadatxo bat behar baduzu edo inguruan praktikatzeko inor ez baduzu, joan Orioko euskaltegira eta eman izena Mintzalagun programan", dei egin dute.

Horrez gain, programak bere funtzioa bete dezan, euskaldun zaharrek izena ematea ere ezinbestekoa dela gogorarazi dute. "Euskaraz ondo egiten baduzu, eta hizkuntza praktikatu nahi dutenei lagundu nahi badiezu ere eman dezakezu izena. Astean ordubete gorde beharko duzu horretarako, besterik ez, eta horretan aritu direnen esanetan, erraza eta atsegina da".

Izen-ematea
Programa guztiz doakoa da, eta izena eman nahi dutenek, hiru bide hauetako bat erabili dezakete: urolakosta@aek.eus helbidera idatzi, 625 485 215 telefonora deitu edo Orioko euskaltegian Mintzalagun programaz galdetu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide