PAPEREKOA

Ikusiko garelakoan

Aitor Arregi 2019ko urr. 26a, 15:00

Ez duzu plazara joateko beharrik ikusten, baina plazan diren horien ahotsa helmuga batera iristen denean, zure hobe beharrez ere bada.

Gustura biziko nintzateke zure errutina asaldatu ezin horretan. Zure eguneroko eginkizunetatik haratago, ez baituzu kezka gehiago. Lanean bazabiltza, (zorionak) ikaslea bazara (zorte on) edo jubilatua (zortekoa zu), zu, zeure mundu txiki horretan zoriontsu zara, eta kanpoko ezerk izorratuko ez zaituen ustean bizi zara. Uste ustela.

Ikusten dituzu tarteka, herriko plazan, pankarta baten atzean, gehienetan jende bera, gehiegitan jende bera, eta galdetzen diozu zeure buruari: zer uste dute lortuko dutela?

Plazan pankartaren atzean direnek, ideia bat, erantzun bat, amets bat, haserre bat, aldarri bat aurkezten dio herriari, eta badakite adierazi nahi duten hori ez dela nahi duten bezain laster lortuko, ez dela bihar gauzatuko atzotik eskatzen hari diren hura, edo erantzuna eman behar zaion arazo horri, galderak ozenago egin behar zaizkiola.

Zure egunerokotasun horretan, arazoak mila dira, lan eskubideen urraketa, zure hizkuntzan ikasteko arazo eta trabak, zure pentsioaren duintasuna zalantzan, etab. Ez duzu plazara joateko beharrik ikusten, baina plazan diren horien ahotsa helmuga batera iristen denean, zure hobe beharrez ere bada. Imanol Epelderen 27 zapata bideo blogetik hartu dut hurrengoa: "Kezka gehiena indiferentziak sortzen dit, pasibotasunak, benetan nago kezkatuta gure sumin guztiak, eramaten dituelako gehienez lo batek, bi txiok edo ondo eramandako crossfit saio batek". Plazan ikusiko garelakoan, hurrenarte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide