Do Re Ni elkartea boluntarioen garuna neurtzen hasiko da aurki

Karkara 2019ko urr. 10a, 11:30

DO RE NI elkarteak Salatxo aretoan egindako bilera. (Orioko Udala)

Orioko ehun lagun inguruk eman dute izena ikerketan, eta beste hainbeste lortu nahi dituzte

Zahartze osasungarrian eta zahartze aktiboan musikak duen eragina aztertzeko, ikerketa martxan jarri du Do Re Ni elkarteak. Xabier Lizaso ekimenaren sortzailearen hitzetan, gizarteak "estetikaren alorrean" baloratu izan du musika orain arte. Do Re Ni elkarteak, baina, musika garunaren garapenerako garrantzitsua dela frogatu nahi du eta, bereziki, adineko jendearen zahartze aktiboa laguntzeko tresna baliagarria dela.

Ikerketa gauzatzeko, 55 urtetik gorako 200 boluntario behar ditu elkarteak. Orion dagoeneko jende dezentek eman du izena, 100 bat lagunek, eta orain, inguruetako herrietakoak ere parte hartzera animatu nahi dituzte. Horretarako, datorren ostegunean, urriaren 17an, bigarren bilera egingo dute Zarautzen, 18:30ean, Antoniano aretoan. Ikerketaren nondik norakoak azalduko dituzte eta parte hartzeko interesa dutenei informazioa emango diete.

Bi urteko ikerketa
Behin 200 parte hartzaile lortuta, ikerketari hasiera emango diote, boluntarioen garunak neurtzen. "Saio artistikoei azaroaren 25ean emango diote hasiera parte hartzaileek, eta ordurako, datuak eskuartean behar ditugu", dio Lizasok.  Ikerketan parte hartuko duten boluntarioak bi taldetan banatuko dituzte. Zientzia mailako ikerketatan, kontrol taldea egoten da alde batetik eta esperimentala, bestetik. "Normalean kontrol taldeak ez du ezer egiten, estimulatutako taldeak zer onura izan dituen frogatzeko". Lizasoren esanetan, ordea, metodo hori erabiliz ezin da jakin estimulatutako taldea zergatik dagoen hobeto, gauzatu duten ekintza horregatik, edo "gero hartu duten kafetxoagatik". Ekintza soziala bihurtzen da hori, beraz, ezin da argi ikusi sozialki erlazionatu direlako dauden hobeto, edo ekintzagatik.  Horrela, ikerketa honetan bi taldeak estimulatuko dituzte. "Biek ondoren kafetxoa hartzeko aukera izango dute. Horrela jakingo da, onurarik izan duten edo ez".

Bi urte iraungo du ikerketak, eta astean bitan izango dute ekintza bi taldeek. Lehenengo urtean talde batek eskulanetan egingo du lana, eta beste taldeak Do Re Ni metodoa landuko du, musikal bat sortuz eta horretan lan eginaz. Bigarren urtean, txandakatu egingo dira. Esperientzia bukatutakoan berriz neurtuko zaie garuna. 

Lizasok argitu du mundu mailan antzeko ikerketak egin badira ere, saio gutxiagorekin eta boluntario kopuru txikiagoarekin izan direla, eta "zerbait potentea" egin nahi izan dutela azpimarratu du: "Erreferente izateko beharrezkoa da ikerketak zientzia mailan pisua izatea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide