2017an Kontxako garaipen handiak sortarazi zizkidan poza eta harrotasuna azaldu nituen KARKARAN eta oraingoan ere estropadekin zerikusia duen gaia dakarkit gure aldizkarira, neure txikitako oroitzapenetan oinarrituz.
Izan ere, Lasarte-Michelin kirol elkarteko traineruaren Kontxako lehen garaipenaren 50. urteurrena ospatuko da aurten.
Orioko ontziak 1964. urtean lortua zuen azken bandera Donostian, Klaudio Etxeberria Gorria patroi zelarik, eta harrezkeroz traineruen lehiatik urrunduta edo galduta zegoela zirudien. Bagenekien gogor entrenatzen eta emaitza izugarriak lortzen ari zirela banku mugikorrean Albert Mainella entrenatzaile frantziarraren eskutik. Traineruaren osaketaren inguruan liskarrak eta iskanbilak izan zirela ere entzuten genuen eta, haserre horien ondorioz, arraunlari talde batek -tartean Jose Luis Korta bera- herriko trainerua utzi eta Lasarte-Orian osatu zuten kuadrilla berria (agian zaila egiten zaigu Korta haserre irudikatzea, ezta?).
Herriko eta inguruko hainbat gazte indartsu bildu eta haiek arraunlari bilakatzeko lanari ekin zioten. Eta baita lortu ere! Sekulako trainerua osatzea lortu zuten eta denbora gutxian goi mailara heldu ziren. Michelin enpresak ere, diru laguntza eta horniduraz gain, erraztasunak ematen zizkien arraunlari askori entrenatzeko eta lehiatzeko garaian, ordutegi, baimen eta abarren aldetik...
Hondarribiaren urrezko garaia zen. 1965ean hasita, jarraian lau garaipen lortu zituzten Kontxako estropadetan eta Lasarte-Michelingoa izan zen, hain zuzen ere, berdeen nagusitasuna eten zuen ontzia 1969an, Klaudio Etxeberriaren gidaritzapean.
*Hurrengo zenbakian jarraituko du...