Ez, 18 urte betetzeak ez zidan ilusio berezirik egin, ez adinez nagusi bihurtu nintzelako, ez gidabaimena ateratzeko aukera nuelako, ezta behingoz bozkatu ahal izango nuelako ere. Alegia, agintariak eta hagintariak aukeratu, demokraziaren festa-n parte hartu. Ez naiz alderdi, plataforma edo mugimendu politikoetatik gertu ibili. Politika —politikoen kudeaketa esatea zuzenagoa litzateke— urrunetik bizitu izan dut. Urte batzuk egin nituen bozkatu gabe, hauteskunde menuan aurkitzen nuenak konbentzitzen ez ninduelako eta, bozkatuz gero, ez neukalako gogorik lau urtean damututa egoteko.
Hasi nintzen botoa ematen. Batzuetan, norbaiten alde; besteetan, norbaiten alde baino gehiago, beste norbaiten kontra. Udaletxeko martxa oso gertutik jarraitzea tokatu zitzaidan, KARKARAn lanean. Gertuegi agian, garai hartan herriari buruzko erabakiak nork eta nola hartzen zituen zuzenean ikusteko: alkateak besoa altxatu; zinegotziek, zer bozkatzen ari ziren ia jakin gabe, aginte besoari begiratu, okertzeko beldurrez; eta haiek ere besoa gora. To eta no demokrazia.
Aldatu dira garaiak. Pasatu dira alkateak eta zinegotziak. Denetarik: onak, erdipurdikoak eta txarrak. Botere gosedunak, argazki zaleak, konprometituak, langileak... Herritarren ordezkaritza gehiago zatitu da eta horrek eztabaida eta akordio premia ekarri du. Jada ezin da gehiengo osoaren alperra pasatu.
Urteak joan dira eta nire konpromiso politikoak, ordea, bere horretan jarraitzen du. Urrun. Eta konpromiso politikoa ez da zuzenean politikan jardutea soilik, herritarren ordezkari izatera ausartzea —ausardia behar baita, besteak beste—. Konpromiso politikoa da herria hobetzeko lan egitea, zentzu eta arlo guztietan. Gizartea gero eta indibidualistagoa, gero eta hedonistagoa den garaiotan, komunitatearen zentzua gero eta lausoagoa den gizarte honetan, herria eta herritarren bizimodua hobetzeko lan egitea. Askok egiten dute; beste askok ez. Maiatzaren 26an aukeratuko ditugun ordezkariek badute zer egina; gainerakook ere bai.
Bukatzeko, eskaera bat udal ordezkariei, oinarrizkoa, baina salbuespena izan ohi dena: izan daitezela ausartak erabakietan eta formetan, eta herriaren eta herritarren onura izan dadila helburu nagusia, alderdien izen-abizenen gainetik, tantoa noren markagailura joango den axola gabe. Udal politikak, herrigintzak, ahalbidetzen du, ez baititu beste politika batzuen mugak, itxurakeria eta zarata. Hurrengo alkatea emakumea izango da. Ea horrek laguntzen duen