Orioko Udalak asteazkenean itxiko du udako lanpostuen deialdian izena emateko epea

Karkara 2019ko mai. 5a, 18:17

Aurtengo udan 13 lanpostu betetzeko deialdia egin du Orioko Udalak. Izena eman ahal izateko, derrigorrezkoa da une honetan langabetua izatea, eta zenbait kasutan, Orion erroldatua egotea ere eskatuko dute.

Orioko Udalak udako 13 lanposturen deialdia egin zuen apirilaren 10ean. Bertan parte hartzeko eta eskabideak aurkeztu ahal izateko, bi baldintza bete beharko dituzte interesa dutenek; batetik, une honetan langabetua izatea, eta bestetik, Orion erroldatua egotea. Dena den, bigarren baldintza hori ez da derrigorrezkoa izango hiru lanpostu betetzeko; hain zuzen, txu-txu trenaren gidari izateko, udaltzain laguntzaile izateko eta turismo bulegoan lan egiteko.

Ondorengoak dira udalaren deialdiak barnebiltzen dituen 13 lanpostuak:

  • Kabinen garbitzailea: bi lanpostu
  • Kanpineko komunen garbitzailea: lau lanpostu
  • Udaltzain laguntzailea: lau lanpostu
  • Txu-txu trenaren gidaria: lanpostu bat
  • Kanpineko zaindaria: lanpostu bat
  • Turismo bulegorako harreragilea: lanpostu bat

Apirilaren 11n ireki zuten deialdian izena emateko epea, eta datorren asteazkenean, maiatzak 8, itxiko dute. Parte hartu nahi dutenek udal bulegoetara bertaratu beharko dute, eta han beteko dute eskabidea egiteko instantzia. Astelehenetik ostiralera zabaltzen dituzte bulegoak, 08:30etik 14:30era.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide