Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean milaka emakume kalera aterako gara gure eskubideak aldarrikatzera.
Ildo horretan, hausnarketa txiki bat egin nahiko nuke, gure artean gizartearen zati handi batentzat ikusezinak diren eta askotariko zapalkuntzak bizi dituzten emakumeak baitaude.
Ez gaitezen engainatu, praktikan emakume guztiak ez gara berdinak. Gizarteak ez baititu berdin tratatzen ibilbide profesional arrakastatsua duen emakume zuria, zaintza lanak egiteko bere herrialdean familia utzi behar izan duena, edo soldatapeko lanik egin gabe etxeko lanez arduratzen den emakume etorkina. Emakume talde bakoitzari estereotipo jakin batzuk ezartzen dizkio gizarte patriarkalak, eta botere harremanetan oinarritutako zapalkuntza erreproduzitzen dugu emakumeok gure
artean ere.
Fenomenoa konplexua da, zapalduak zapaltzaile bihurtzen baikara. Konturatu gabe, familiaren ardatz eta motorra diren emakumeak, arraza, erlijio, edo klase sozialarengatik baztertu ditzakegu. Horregatik, emakumeon arteko desberdintasunak
gainditzeko, elkartasuna, enpatia eta ahizpatasuna aldarrikatu nahiko nituzke KARKARAk eskaini didan bozgorailu honetatik.