Azken aldian gaztetxe eta gune okupatuei egin dizkieten erasoak izan dira testu honen ildoa erabaki dutenak; zehazki, Donostiako Kejira eta Iruñeako Maravillas gaztetxeak zein Gasteizko Talka espazio feministaren aurkako erasoak. Orain 55 urte Larrabetzun lehenengo gaztetxea okupatu zenetik, egun 130 baino gehiago dira gaztetxe eta espazio okupatuek, eta urtero jasan dituzte orotariko erasoak. Desalojoak, itxierak, miaketak, udal agintarien mila trikimailu…
Hala ere, espazio hauek, imajinazio, lan eta konpromiso handiarekin erantzun izan dute maiz, helburua lortu ez arren.
Urte hauetan guztietan, belaunaldiz belaunaldi, txikitasunetik eragitea izan da oinarria. Hutsik ezer ez dion eraikina, esanahiz eta identitatez josiz. Unean uneko partaideek etengabe espazioa birsortuz. Bertan mila istoriok, bata besteari loturiko bizitzek, arnasa emanik eraikinari.
Autogestioa oinarri, lekuan lekuko ñabardurekin sortu da kultura eta hau partekatzeko bide berriak jorratu
dira. Maravillasen aldeko aldarriarekin bat eginez. “Ez da gaztetxe bat, mundua ulertzeko era bat baizik”. Ikuspegi merkantilista alboratuz, etengabeko hausnarketa bidelagun, paradigma eta errealitate berriei erantzutea izan da funtsa. Tokian tokiko beharrak eta nahiak betez. Herri bakoitzeko eragile eta norbanakoentzat erabilgarri izan behar dute gaztetxeek.
Badago ordea gaztetxea erakargarri edo interesgarri egiten duen “gabezi” zikliko bat, jenerazio aldaketa. Dirudienez ez da erakargarri astero bilera egiteko formatua eta horrek, kideen kopuruaren beherakada dakar. Hala ere, honek ez du esan nahi beste formatu praktikorik ez dagoenik, baina, hau bilatzea herritar ororen ardura da. Beraz, herria herritarrok eraikitzen jarraitu nahi badugu, gune autogestionatuak defendatu behar ditugu. Eraikitze eta berreraikitzeko auzolana izanik tresna, eraikinak esanahiz betetzen jarraitu behar dugu.
Denok daukagu zer borrokatu eta landu gizarte parekideago bat sortzeko. Beraz, guri oriotarroi, Etxeluze esanahiz betetzea egokitzen zaigu. Zortzi urte hauetan horretan ibili ondoren ere, oraindik bada zer gozatua.