Orioko Futbol Taldean 1999-2000 denboraldian hasi nintzen boluntario lanetan. Egun, futbol zelaiko eguneroko martxa antolatzen dut, eta elkarteko tabernaren arduraduna ere banaiz.
Asko aldatu da elkartea azken 20 urteetan. Pixkanaka indarra hartzen joan da futbol elkartea herrian, eta oso gustura gaude. Ni hasi nintzenean hondartza inguruan genuen futbol zelaia, eta hiru talde zituen elkarteak.
Futbol-zelaiz aldatzea aldaketa handia izan zen, uste dut ordutik elkartea asko hazi dela. Orain futbol zelaia herrian bertan dago, eta jende asko etortzen da asteburuetan futbola ikustera. Horrek pixkanaka afizioa sortzen du, eta gero eta haur eta gazte gehiago animatzen dira futbolean jokatzera.
Gaur egun, mutilen sei talde eta nesken beste bi ditugu. Horrez gain, futbol eskola ere badugu. Asko hasi da elkartea, eta orain lehen ez genituen zailtasunak sortu zaizkigu. Alde batetik, entrenatzaileak bilatu behar izaten ditugu; orain arte gurasoek jarrera ona izan dute eta laguntzeko prest agertu dira, baina elkarlana garrantzitsua izaten da.
Bestetik, sarritan entrenamendu saioak eta partidak antolatzeko arazoak ere izaten ditugu, zelai bakarra baitugu. Horrez gain, zelaia sofbol taldearekin elkarbanatzen dugu, eta talde guztiak kudeatzea eta denen ordutegiak koordinatzea nahiko lan zaila izaten da. Zailtasunak zailtasun, futbolean jokatzera etorri nahi duten guztiak ongi-etorriak dira elkartean.
Herri txiki bateko futbol elkartea gara, eta gure kirol helburuak horren araberakoak izan behar dute. Gazte mailan esaterako, argi dugu partida irabaztea ez dela garrantzitsuena, eta taldekide guztiek jokatzea izaten da entrenatzailearen helburua.
Bestalde, nagusien taldeak Gipuzkoako Preferente mailan jokatzen du; mailaz igo izan gara, baina badakigu oso zaila dela gorengo maila horri eustea. Nagusien mailan ere, herriko gazteei futbolean jokatzea aukera eskaintzea da gure helburua.