KARKARA elkarteak ezohiko batzarra ospatu zuen joan den urtarrilaren 16an Salatxo Aretoan, laguntzaileei zein herritarrei elkarteak bizi duen egoeraren berri eman eta hainbat gai mahai gainean jartzeko. Sortu zenetik gaur arte bizitako aldaketak, egungo egoera, funtzionamendu ekonomikoa eta etorkizunera begira datozen berrikuntzak izan ziren hizpide zuzendaritzaren ahotan.
30 urteko ibilbidea
1989an sortu zen KARKARA borondatezko lanaren fruitu, hasierako urteetan, militantzian. Geroztik, ordea, aldaketa bat edo beste eman zen lan egiteko moduan. Guztiz borondatezkoa izan beharrean, sari baten truke bat edo bi langile jarduten ziren elkartean. Urte horietan guztietan, herriko jende askoren harrobi izan da KARKARA. Baina aldi berean, langile aldaketa ugari izan da.
Azkenaldian, pauso garrantzitsuak eman dira. Apustu estrategiko berri bati ekin zitzaion: webgunea indartzea. Horretarako webgunearen kudeaketarako plataforma digital berria behar zen, inbertsio handia eskatu zuena, 10.000€-tik gora. Orioko Udalarekin ere hitzarmen berria lortu zen, proiektua egonkortzeko beharrezkoa. Eta lan talde berria eratu zen: bi kazetari jardunaldi osoz, webgunerako eduki propioak eta ikus-entzunezkoak sortzea helburu. Publizitatea eta administrazioa eramango zuen langile bat kontratatu zen, lanaldi erdian.
Kazetaritza aldetik, gauzak txukun antzera egiten direla dio Rikardo Uzkudunek, elkarteko lehendakariak, paperekoak
harrera ona izaten jarraitzen du eta webguneko bisitek ere goraka egin dute azkenaldian: Kalitateari eusteak esfortzu handia eskatzen du, eta aldaketetan pilatutako jakintza hori galtzen joaten da.
Hala ere, dena ez da positiboa izan, bidean, zerbitzu berriak, harpidetza kanpainak eta bestelakoak (ikus-entzunezkoak
esate baterako) egitera ezin iritsi ikusi baita elkartea.
Egoera ekonomikoa
Elkartearen diru iturriak hiru dira: publizitatea, diru-laguntzak eta banakako laguntzaileak. Jon Agirresarobe Zuzendaritzako kideak, orokorrean egoera ekonomikoa egonkorra dela argitu du: Alde batetik, publizitate sarrerak onak ari dira izaten. Diru laguntzei dagokienez, ordea, aurten, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak modu bateratuan emango dituzte diru laguntzak, 2019 amaieran.
Administrazio publikoen menpekotasun handia du elkarteak. Dena dela, elkartearen egoera ekonomikoa biziraupenekoa baina egonkorra da; biziraupenean egonkortzea ona ez dela dakigun arren.
Etorkizuneko urratsak
Aurrera begira ere aldaketekin jarraituko dute. Urola Kostako hainbat komunikabide batuko dituen proiektuan buru belarri baitabil elkartea. Eskualdeko euskarazko hedabide gehienak bateratu eta komunikazio talde bat eratuko da. Hortaz, egitura berri bateko parte izango da KARKARA.
Proiektu honi esker, eskaintza hobetu eta osatzea lortuko da. Finantziazioan ere iturri berriak lantzeko balioko du, komunikazio zerbitzuak eskainiz, eta arlo guztietako lan taldea profesionalizatzea bideratuko da. Onintza Aiestaran, zuzendaritzako kidearen ustez, baliabideen kudeaketa eraginkorragoa egitea lortuko da: Teknologia berriekin batera, kontsumo ohiturak ere aldatu egin dira.
Digitalizazioa erronka handia da gaur egun komunikabideentzat. Gure herri komunikabideak ondo errotuta daude gizartean, baina egitura ahulak dituzte eta baliabide eskasak etengabeko berrikuntzari aurre egiteko. Euskarazko hedabideen sektorea antolatu egin da azken urteotan, eta beharrezkotzat jo dugu, baita erakunde publikoetatik, eskualdeka egiturak sendotzea, elkarrekin aurrera egin ahal izateko.
KARKARAk, ordea, berdina izaten jarraituko du: Paperekoan eta webgunean lanean jarraituko dugu. Herritarren kolaborazioak ere funtsezkoa izaten jarraituko du. Aiar eta oriotarrek ateak irekita izango dituzte erredakzioan, orain arte bezala, eta kolaboratzaile sarea handitzen goaz Aian eta Orion, gure nortasuna indartzen, KARKARA herritik sortu baitzen eta hala jarraituko baitu.
30. urteurrena
Aurten KARKARAK 30 urte beteko ditu sortu zenetik. Horregatik, elkartearen ezohiko batzarrean mahai gainean
jarri zen urteurrenaren gaia.
Webgune berria estreinatu du orain gutxi Aiako eta Orioko orainkariak eta urte honetara begira, lokala berritzeko ideia darabilte buruan. Halaber, paperekoari ere diseinu berria eman nahi zaio, aldizkari moderno eta bisualagoa egite aldera.
Elkarteak datorren ekainean beteko dituen 30 urteak ospatzeko ere KARKARAtik ideiak eta ekimenak bultzatzeko lanean dihardute. Hainbat ekimen gauzatu dituzte jada ikasturte honetan, hala nola Asier Gozategiren elkarrizketa musikatua edota pasa den urrian egindako Oteitza astea.
Horri guztiari helduta, Elizabete Manterola zuzendaritzako kideak, batzorde bat osatzeko asmoa plazaratu zuen ezohiko batzarrean; aiarrak eta oriotarrak urteurreneko batzorde berezi horren parte izateko eskaera luzatu zuen: Herritarren ideiak entzuteko prest gaude.
Inork iradokizunik edo ideiarik izanez gero, deitu dezala elkartearen telefono zenbakira (943 83 15 27) edo idatzi karkara@karkara.com e-postara. Whatsapp bitartez ere jaso daitezke ekarpenak, 688 85 73 05 zenbakira idatziz.