Euskaraldia

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Ayestaran 2018ko abe. 5a, 09:55

Joan den ostiralean hasi genuen Euskaraldia eta dagoeneko laugarren eta azken luzean sartuta gaude. Zenbait, nekatuta, helmugara iristeko amorratzen egongo dira; beste batzuk, ordea, penatuta, bideaz gozatzen ari direlako. Txanponaren bi aldeak.

Oraindik balorazioak egiteko garaia iritsi ez bada ere, egun hauetan bizitakoak ekarri nahi ditut hona. Hasteko, txapa bat ez da nahikoa niretzat. Nonahi ahaztuta uzten dut eta zailagoa egiten ari zait non utzi dudan gogoratzea, euskaraz lehen hitza egin eta euskarari eustea baino. Bigarrenik, kalean, ahobizi eta belarriprest ikurren bila nabilela konturatu naiz, ia obsesio bihurtzeraino. Begiak eta belarriak zorroztu eta burua galderaz bete zait: txapa paparrean al darama? Euskaraz ari al da?

Egia esan, sorpresa atseginak bestelakoak baino gehiago izan dira. Azkenik, eta niri dagokidanez, zenbait jarrera aldatzeko balio izan dit, Oriotik kanpo batez ere. Lantokian, askok gaztelerara jotzeko joera handia dute eta ni ere askotan erori izan naiz. Hirira joandakoan ere, saltokietan erdaraz egin izan dut lehen hitza, euskara ulertuko ez dutelakoan.

Euskaraldiak joera horiek aldatzen eta aurreiritziak alboratzen lagundu dit behintzat. Bada zerbait!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide