Faemino eta Cansado humoregile mitikoek 'Ilustres Ignorantes' telebista saioan 2000ko hamarkadari buruzko hausnarketa egiteari uko egin zioten pasa den asteko programan.
Javier Coronas aurkezlea zur eta lur utzi zuten biek. Beren argudioa: 'hamazortzikada' goitizena hobe zetorkiola hamarkada horri, 2000-2018 aldia mamitsuagoa izan dela aldarrikatuz.
Berrespen horrek hausnarketa bat egitera eraman ninduen: 18 urte pasa dira, bai. 'Hamazortzikada' honetan, 'hipster', 'millenial' edo 'nini' terminoak barneratu ditugu gizartean, gutxiespen kutsu pozoitsu batekin gehienetan.
Amaitzear den urte honetan 2000.urtean jaiotakoek hamazortzi urte bete dituzte. Zer esan nahi du horrek? Gidabaimena ateratzeko gutxieneko adina eskuratu dutela, unibertsitatera, lanbide heziketara edo lan mundura sartzekoa...
Baina, batez ere, hauteskundeetan boza emango dute aurrenekoz. 'Brexit'a dela, atzerrian Vox bezalako eskuin muturreko alderdiak gailenduz doazela... Zeren ondorio izan daitezke gertaera horiek?
Nork edo nork —batez ere politikariek— erreparatu al du, guk geuk 'nini'-tzat jotzen ditugun horien kezka eta nahietan, hauteskunde kanpainak taxutu eta erabakiak hartzeko garaian?
Behar bada, orain artean besteok izan gara, eta gara, 'ignorante ilustratuak'; eta ez berak.