Bost urte egitera doaz hasiera hartatik. Ez dira hogeita hamar, baina badira gauza asko ikasteko nahikoa. Herri kazetariaren lana ez dela bereziki esker onekoa idatzi dut noizbait. Denborak ematen duen distantziatik, ordea, desberdin ikusten dira gauzak. Asko dut Karkarari eskertzeko.
Eguneroko jardun izan dudan proiektua herritarrentzat erreferentzia izateak ematen duen indarra, adibidez.
Herriari zerbait adierazi nahi eta zuzenean gugana jotzeak, kalera irten eta idatzi duzunaren feedback-a jasotzeak -eskatu gabe gehienetan, baina tira, berdin dio horrek–, gutxien espero edo ezagutzen duzunaren esker ona jasotzeak… egindako lanari balioa ematen dio.
Barru-barrutik ezagutu eta gero, balioan jarri nahi dut nik ere hogeita hamar urte hauetan Karkarari bere zati bat eman diogun guztien lana: sortzaile, langile, boluntario, kolaboratzaile, laguntzaile… Proiektu baten pieza desberdinak dira guztiak, bakarraren faltan ezinezkoa litzateke Karkara egitea.